Ehundaka lagun dantza taldearen 50.urteurrenean

plaentxia_com 2007ko eka. 12a, 12:02
Eguraldiak bero sargoria eta ekaitza ekarri bazituen ere, ez zuen dantzari, txistulari eta dantzazaleen arteko giro aparta zapuzterik izan. Goizean goizetik 100etik gora dantzari eta txistularik kaleak zeharkatu zituzten "ieup"aka herritarrei ospakizunaren berri emateko. Erregetxeko alardean negar malkoak ageri ziren ikusle bat baino gehiagoren artean. Irudian argazki eraldoiaren zati bat. (LAISTER ARGAZKI GEHIAGO ETA BIDEOAK)
 
 
Dantza talde guztiek agurra eta ikurrin dantzarekin ekin zioten emanaldiari. Bost urteko umeek pare bat dantza egin zituzten eta ondoren neska eta mutilez osatutako zortzi taldek bost dantza eskaini zituzten. Duela 50 urte dantza taldea sortu zutenek aspaldi egin gabeko aurresku eta atzeskua dantzatu zuten, Aspe eta Gabilondo aurreskulariekin. Eguerdikoa bukatzeko fandango eta arin-arin erraldoia egin zuten Erregetxean.
Bazkaritarako 250 lagun inguru batu ziren Kiroldegiko frontoian. Ondoren etorri ziren abesbatzaren emanaldia eta sortzaile, erakustaile, txistulari eta laguntzaileei egindako omenaldi zirraragarria. Enrike Larrañagak, Jose Luis Sarasketak, Patxi Beitiak (duela gutxi zendu bazen ere, aipamena ondo merezia zuen), Itziar Amorrek eta Txintxurretak oroigarri bana jaso zuten, dantza taldearen sorreran egindako lanagatik.
Festa eta algara jarraian. Lehenengo kantuan egin zuten talde bakoitzak mikrofonoa hartuta, musikarien laguntzaz; gero Musika Eskolako trikitilariek dantzan jarri zituzten bertaratutako asko. Sagardo dastaketa eta Xero Xieteren erromeria jendetsu eta alaiarekin bukatu zen eguna.