Arriskuaren beldur (Martin Luque, kriminologoa)

Egoitz Unamuno 2016ko urt. 29a, 11:02
Martin Luque, kriminologoa.

Martin Luque kriminologoari lapurreten gaiaren inguruko hausnarketa egiteko eskatu diogu.

Azken boladan jakinekoa da  gure inguruan hainbat lapurreta izan direla etxebizitzetan zein komertziotan eta logikoa da horrek mesfidantza eta beldurra sortu izana gure artean. Izan ere, egia da etxeetan (eta saltokietan) gertatzen diren delituak nahiko ugariak direla Euskal Autonomia Erkidegoan, baita estatu mailan ere. Hala ere, azken urteotan lapurreta kopurua gutxitu egin da Ertzaintzaren eta Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera. Gainera, aipatu beharra dago Espainia dela Europa mailan lapurretengatik preso kopururik altuena duen estatua. Hori guztia jakinda, prebentzio-planak eta segurtasun gorputzen ekinbideak bide onean doazela esan daiteke. Lasai egon gaitezke, beraz.

Dena den, gure arteko kezka handitzen joan da azken aldian. Zer dela eta? Kriminologiaren ikuspuntutik, bi kontu bereizi behar dira: batetik, segurtasun efektiboa eta bestetik segurtasun sentsazioa.

Segurtasun efektiboaren egoera salaketa, juizio eta espetxeratu kopuruetan oinarrituta baloratzen da. Baina nahiz eta kopuru horiek oso txikiak izan, beti egongo da delinkuentzia kopuru txiki bat. Horregatik, garrantzitsua da oso delitu gutxi egonda ere prebentzio-plan landuak egitea, segurtasun gorputzen aktibitatea ondo kudeatzea, herritarrei laguntza bermatzea, delitugileak harrapatzeko aukerak handitzea, kaleen azpiegiturak hobetzea...

Segurtasun sentsazioak ostera ez du zerikusi zuzenik estatistikekin. Azken urteotan herritarren segurtasunarekiko interesa nabarmen handitu da, eguneko 24 orduetan ikusten ditugu gai horrekin lotutako kontuak telebistan, irratian, zinematan, etab. Telebistak delituaren inguruko albisteak, debateak, iritziak eta aktualitate kontuak ikusarazten ditu behin eta berriz. Horrek gure segurtasunarekiko interesa izugarri handitu du eta baita delituarekiko beldurra ere. Baina gure inguruan ikusi ditugun kriminalitate kasuak ezin dira horiekin nahastu. Eten beharreko, eta eten ahal diren egoera tamalgarriak dira, baina, momentuz, urruti daude gure bizimodua alda dezaketen kriminalitate-olatu kasuak izatetik.