Bainu-leku ederra Sagar-errekan

Erredakzioa 2015ko abu. 31a, 20:22

Sagar erreka potzua 1Udako egun beroetan, eguzkiak gogor jo eta termometroak gora egiten duenean, gustora hartzen da bainua, dela igerilekuan, dela bainu-leku naturaletan. Inguruko herri batzuk badituzte bainuleku ezagunak: Oñatik Usakoko presa, Bergarak Aingeruzarkoa, Osintxuk depositua... eta guk Sagar errekako potzua.

Sagar erreka potzua 2

Askok ezagutuko dute, beste askok ez. Sagar errekako bidean gora, Ospitaleko edo Kukupeko iturria esaten zaiona pasatu eta metro batzuk aurrerago, soka bat ageri da errepide ondoko hesiari lotuta, potzurainoko aldapa handia jeisten laguntzeko jarrita dagoen soka, hain zuzen. Aldapa handia dago baina bide osoan zehar dago laguntza-soka jarrita. Behean potzua dago, edo hobeto esateko, bi potzu daude: lehenengo potzua da sakonena eta aproposena bainatzeko – 1,70 metro inguruko sakonera du -, bigarrenak, goraxeago dagoenak, ez du sakonera handirik, baina urjauzi koxkor bat du eta aproposa da azpian jarri eta ura burutik behera hartzeko.

Sagar erreka potzua 3

Potzuaren ondoan egurrezko bi palet daude, egokiak bainua hartzeko momentuan erropak aldatu eta abarrak egitea erosoagoa izan dadin. Zaborrak botatzeko poltsatxoa ere badago, zutik jarrita dagoen beste palet batetik zintzilik. Gainerakoan zuhaitzak eta errekazuloan ohikoa den landareria dago. Ura fresko xamara dator baina leku ederra da, paregabea bainua hartzeko.

Sagar erreka potzua 4

Garai bateko aisi-lekua
Aspalditik bainatzen da jendea potzu horretan. Hirurogei urte pasatxo dituen herritar batek kontatu digu:"orain berrogei urte ohitura handia genuen bertara joateko. Beheraxeago bolatokia ere bazegoen, santanderinoen bolatokia esaten geniona, beraiek egindakoa zelako. Haren ondoan jateko egokitutako lekua ere bazegoen, egurrezko mahai eta guzti. Lagunarteak eta familiak joaten ziren hara egunpasa, eta ezkutuan ibili nahi zuten bikoteak ere bai. Gero, autopistako lanak hasi zirenean, jendeak joateari laga zion eta dena sasiak hartu zuen".
Orain dela hiru-lau urte, Gaztetxearen bueltako gazte batzuek potzuaren berri jakin zuten eta bertarainoko bidea zabaldu zutela kontatu digu gazte batek. "Lagun talde bat batu eta potzurainoko bidea garbitu genuen. Pare bat arbola ere bota genituen potzuaren ondoan jarleku eta pasaleku moduan erabiltzeko. Gero, Sagar erreka ingurura joateko ohitura duten beste gazte batzuek jarri zuten soka bertaraino".