Martxoko udalbatzarrera atzeratu da Hirigintzako Plan Orokorraren eztabaida

Erredakzioa 2015ko ots. 19a, 14:12

IMG 6629

Hamar ziren atzoko udalbatzarrean tratatu beharreko gaiak, tartean, datozen urteetako Hiri Antolaketarako Plan Orokorra baina oposizioko alderdiek “plana aztertu eta ekarpenak egiteko tarte gehiago” eskatu diote udal gobernuari eta ondorioz, martxoko udalbatzarrean eztabaidatuko da hasierako onespena.

Erregistro Zibilen pribatizazioaren kontrako mozioa aho batez onartu zen. PPren lege honek 3.500 langile publikoen  lanpostuen galera ekarriko zukeela zehazten da eta zerbitzua ematearen truke tasak jarriko liratekeela. Eusko Jaurlaritzari eskatuko zaio negoziazioak azkar ditzala, besteak beste.

Hondakin-sistema eztabaidagai

Hondakinen tratamenduaren gaia mahaigaineratu zuen PSE-EE alderdiak eta aldeko 6 bozka (PSE-EE, EAJ) eta Bilduren aurkako 5 bozkarekin, mozioa onartu egin zen.

Boto azalpenean alkateak hartu zuen hitza eta aipatu zuen “Bilduk hondakinak tratatzeko plana garatu duela baina Eusko Jaurlaritzak ez duela martxan jarri nahi izan”. Ekonomikoki kostuak erdira murrizten dituen aurrekontu bat aurkeztu dutela, “diruaren kudeaketa arduratsu bat egin eta ingurugiroa babestuko duena”.

EAJk erantzun zion aurkeztu duten proiektua onartua izateko prozedura baten baitan egin behar dela eta “errauskailuarentzako emanak zeuden baimenekin ezin dela egin”. Ondorioz, arazoa ez dela Eusko Jaurlaritzak proiektua onartu nahi ez izatea, bere ustez, “Bilduk 4 urte zaborrera bota ditu eta zaborren kudeaketa amildegira eraman du”.  EAJk 5. edukiontziaren aldeko apustu garbia egin duela gaineratu zuen eta PSE-EE alderdiarekin sinatutako hitzarmenari esker, “atez-atekoa ez jartzea lortu dutela”.

Alkateak erantzun zion Soraluzen soraluzetarrek nahi duten sistema ezarriko dela, “alderdi politikoek hitzartutakoaren gainetik”. Europak 2016rako birziklapen tasa %60koa izatea eskatu duela eta egungo sistemarekin %30a birziklatzen dela kontuan hartuta, “zaborra batzeko sistema eztabaidara eraman beharko dela”.

Zubiko lanak, eguzki-erlojua eta Irureko urak

IMG 1850

Eskari eta galderen tartean, Iker Aldazabalek hartu zuen hitza eta besteak beste, Zubi Nagusian burutzen ari diren zuloko lanen inguruan galdetu zuen, Gipuzkoako Urak dela lanon arduraduna eta hodi bat aldatzen dihardutela erantzun zion alkateak. Olentzero eta Mari Domingiren muntaia/desmuntaia lanetan gastatutako 3.525 euroak justifikatzeko ere eskatu zuen. 

PSE-EEko Soledad del Bosquek, bere aldetik, Estazioko eguzki-erlojua izan zuen hizpide eta udalari eskatu zion dagoen lekutik Arraikuara aldatu dezala.

IMG 1851

Irureko uren aferaz ere galdetu zuen PSE-EEko bozeramaileak; Gipuzkoako Foru Aldundia arduratu behar baitzen lanok gauzatzeaz baina aurrekontuak onartu ez dituztela eta, lanokin zer gertatuko den galdetzeko. Udal gobernuak erantzun zion  “hain zuzen PSE-EE alderdiak ez dituela Foru Aldundiko aurrekontuak onartu” eta ondorioz, “lanak aurrera eramango dira baina tramitazioagatik denboran luzatuko dira”.

Iraola-Etxebarri baserriko jabea de Luis Platak hartu zuen ondoren hitza eta gogor aritu zen Roke Akizu zinegotziaren aurrean. “Bere etxera beldurrez igotzen dela eta egunen batean desgraziaren bat gertatuko dela” iradoki zuen. “Irureko urak Maltzagatik Soraluzera doan GI errepidera bideratuta daudela eta horrek suposatzen duen arriskuagatik urak bideratzeko lanak lehenbailehen eta urgentziaz egin behar direla” gaineratuta.