Mugikorretarako aplikazioa landu du Soraluzeko Udalak azken hilabeteotan, herritarrek udalarekin dituzten harremanak erraztea helburu. Aplikazioan soraluzetarren egunerokorako informazio eta tresna baliagarriak topatuko dituzte, udalarekin eta haren zerbitzuekin dituzten hartu-emanak era azkar eta samurrean egitea ahalbidetuko dienak, hain zuzen ere. Besteak beste, albiste, agenda, udaleko telefono eta online egin daitezkeen tramiteetara klik batez sartu ahal izango da.
Deskargarako loturak
Udalari zuzenean idazteko kanal berria
Aplikazioaren berritasunetako bat Idatziguzu atala da; izan ere, kanal edo bide berri batean datza, herritarrek udalari helarazi nahiko lieketen edozein mezu modu erraz eta azkarrean helarazteko.
Aurrerantzean, Idatziguzu atala erabilita, edozein motatako iruzkin, ohartarazpen, eskaera edo kexuak bidali ahal izango dituzte soraluzetarrek, mezua zein argazkia gehituz. Kanal berriaren bitartez, bidalitako iruzkina dagokion departamentuari helaraziko zaio, eta horrela zuzenago kudeatu.

Albisteen jakinarazpenak
Aplikazioak eskaintzen duen beste nobedade bat erabiltzailearen lehenespenen araberako albisteen jakinarazpenak jasotzeko aukera da.
Soraluzeko Udaleko webgunean argitaratzen diren albiste guztiak automatikoki argitaratzen dira aplikazioan; albiste horiek hainbat kategoriaren arabera banatzen dira, eta erabiltzaile bakoitzak aukera dezake interesatzen zaizkion kategoriako albisteen jakinarazpenak jasotzea.
Horretaz gain, azken orduko oharren berri ere emango da aplikazioaren bitartez.
