Soraluzeko Udalak herriko erraldoiak egin eta konpartsa osatzeko bilera irekia egingo du eguaztenean

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025eko azaroaren 11

JuanFernandez

Soraluzeko Udalak herriko erraldoiak egin eta konpartsa osatzeko bilera irekira deitu ditu herritarrak; bihar, eguaztena, azaroaren 12an izango da, 17:00etan Kalebarren 8n.

Azken urteotan Soraluzeko erraldoiak berriz ere dantzan ikusteko nahia pizten ari da herritarren artean. Hori horrela izan dadin, erraldoiak eurak sortzeaz gain, beharrezkoa da dantzan jarriko dituzten konpartsa sortzea: bai erraldoiak eramateko, baita musika jotzeko ere.

Herritarren nahiak, ideiak eta ilusioak ezagutu eta erraldoiak sortzeko prozesuari ekiteko, bilera irekira deitu ditu soraluzetarrak Udalak: bihar, eguaztena, azaroak 12, egingo da Kalebarren 8n, arratsaldeko 17:00etan. Bertan, lehendabiziko pausoak emango dira erraldoien nondik norakoak erabakitzeko; hala nola, nolako pertsonaiak sortu, zenbat erraldoi egin eta konpartsa nola osatu.

Bileran hitza hartuko du inguruko herri bateko konpartsakide batek, eta bere herriko erraldoien konpartsaren esperientzia partekatuko du parte-hartzaileekin.

Soraluzeko Udalak herritar oro, gazte zein heldu, animatu nahi du erraldoiak sortzeko prozesuan parte hartzera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.