Aurtengo jaien balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia

Izan dugun eguraldi nahasiak ez du lortu aurtengo Santiago eta Santa Ana jaiak zapuzterik; kalitate handiko ikuskizunez gozatu ahal izan dute egun hauetan kaleak bete dituzten herritarrek.

Santiago eta Santa Ana jaiek agur esan dute datorren urtera arte.

Aurten, iaz moduan, kanoikadak eman zien hasiera jaiei, zubia jendez gainezka zegoela.

Gainontzean, eta eguraldiak lagundu ez duen arren, programatutako ekitaldiek jendearen aldetik jaso duten erantzun ona da aurtengo jaien gainean esan litekeena, ikuskizun politak eta kalitatezkoak izan direlarik, herritarren esanetan.

Ekitaldi bakarra gelditu da bertan behera, haurrentzako zezentxoak, parte hartzaileen eta zezentxoen segurtasunagatik; gainontzeko ikuskizun denak aurreikusi moduan burutu dira, batzuen kasuan lekuz aldatu behar izan badira ere.

Gauetan programatutako ikuskizunek harrera oso ona izan dute; London orkestrak, Duo Plaentxiren omenaldiko musikariek, Wilson & Wilsonetis taldeak eta Oihan Vegak kontzertu jendetsu eta jendearen gustokoak eskaini dituzte.

Haurrak ere izan dute non gozatua, Iruñeko erraldoi eta buruhandiak, Eriz magoa, Kulkiren jolas-parkea, kiroldegiko puzgarriak, apar festa...

Kaleak girotzeaz, aldiz, Galtzagorriak txaranga, Broken Brothers taldea, Soraluze eta Arrasateko gaiteroak, eta Soraluzeko txistulariak arduratu dira, eta nola alaitu gainera.

Aspaldi programatzen ez ziren hainbat ekintza ere izan dira aurtengoan, haurrentzako krosa eta zezensuzkoa, parte-hartze handiarekin biak ala biak.

Jana eta edana ere ez da faltatu, saihetsa; salda, txorizo eta okela; bakailaoa; ikasbidaikoen pintxoak...

Oro har, beraz, jai oso politak igaro dituzte herritarrek, tarteka eguraldiarekin pazientzia dezente eduki behar izan bada ere. Horregatik, eguraldiaren nahasiari aurre egin eta kalera irten direlako, eskerrak eman nahi dizkie Udalak herritarrei.