Ariketa #0: Ze hizkuntzatan hitz egiten dut etxean eta etxetik?

Erabiltzailearen aurpegia

Etxekoekin eta etxetik zein hizkuntzatan hitz egiten dugun pentsatzea eta zeinetan eragin nahi dugun erabakitzea proposatzen du Etxealditik Euskaraldira ekimenak, hizkuntz-ohituretan eragiteko lehen pauso modura. 

Has gaitezen ariketa bat egiten! Pentsatu al duzu inoiz zer hizkuntzatan aritzen zaren zure ingurukoekin? Senideekin, lagunekin, egunero hitz egiten duzun lankidearekin…. Zein hizkuntza erabiltzen duzue elkarrekin hitz egiten duzuenean? Eta hainbat batera elkartzen zaretenean?

Ariketa erraz bat egingo dugu, paper edo kartulina batean egiteko modukoa. Pentsatu, idatzi eta erabaki zein harremanetan egin nahi duzun hizkuntza aldaketa eta zeintzutan finkatu nahi duzun euskarazko harremana. Helburu horiek jartzea lagungarria izango zaizu ingurukoekin gaiari buruz hitz egin eta aldaketak elkarrekin egiteko.

Eta ariketa bukatzerakoan argazkia atera eta partekatuko duzu guztiokin zure sare sozialetan? Ez ahaztu @euskaraldia aipatu eta #EtxealditikEuskaraldira traola erabiltzen! Nahiago baduzu, bidal dezakezu argazkia Soraluzeko Euskaraldiaren helbidera: soraluze@euskaraldia.eus.