Hilabete Lesbosen

Testua eta irudiak: Leire Garcia 2017ko ots. 12a, 09:13
Leire Lesboseko hondartzan

Leire Garcia hilabetez Greziako Lesbos irlan egon da boluntario lanetan errefuxiatuei laguntzen. ERCI (Emergency Response Centre International) erakudenaren bitartez egin zuen bidaia. Bere esperientzia nolako izan den kontatu digu.

Hilabete Lesbosen

Duela hilabete batzuk Greziara joan nintzen, ahal nuen neurrian, errefuxiatuei laguntzen saiatzera. Lesbos irlara joatea erabaki nuen, boluntario moduan. Hainbat erakunde begiratu eta gero, ERCI-rekin (Emergency Response Centre International) kontaktuan jarri, eta bilaketa- eta salbamendu-taldean sartu nintzen. Hemendik irten aurretik, hilabetez, errefuxiatuak itsasoan bilatu eta salbatzera nindoala baino ez nekien. Hori bakarrik jakinda, eta gaiaren inguruko oinarrizko nozioekin, motxila hartu eta harantz abiatu nintzen.


    Bertara heldu nintzenean, boluntarioek dena azaldu zidaten. Arratsaldeko 20:00etatik goizeko 10:00etara, kostatik zehar edo itsasotik, errefuxiatuen ongizatea bermatzea izan zen burutu nuen lana. Horretarako, hainbat txandatan banatuta, kostatik itsasoa bijilatzen eta itsasoan salbamenduko bote baten barruan lan egin nuen. Gu bizi ginen etxean, irratia piztuta geneukan 24 orduz, Grezia edo Turkiako kostako edonork esaten zuen edozer, entzuna izan zedin, eta behar izanez gero, gu abian jar gintezen. Egunean zehar, beste hainbat lan egiten nituen: adibidez, jendeak emandako erropak sailkatu eta errefuxiatuen kanpamenduetan banatu. Horrez gain, astean zehar mota askotako formazioa jasotzen genuen eta entrenamendu fisikoa egin ere bai.

    Hainbat herrialdetako 11 boluntario inguru bizi ginen etxe berdinean. Hizkuntza komuna ingelesa izanik, oso interesgarria zen errefuxiatuen gaiaren gaineko iritzi eta ikuspuntuak trukatzea. Egunetik egunera, nekea handiagoa zen, lo falta handia, eta eguneko momentu gehienetan jasaten genuen tentsioak ere eragiten zigun. Txandarik ez genuenean neoprenoaren ondoan lo egiten genuen. Lo geundela bote bat heltzen bazen, gertu egoteko. Gauetan, beti egoten zen batenbat etxeko irratiaren ondoan, zeozer entzunez gero, koordinatzaileari deitu eta etxeko danak esnatzeko.


    Goiz baten, bigarren txanda egiten niharduela, lehenengo botea ikusi nuen eguna ez zait inoiz ahaztuko. Lesbosetik egunero ikusten nuen egunsenti zoragarri batekin batera etorri zen bote hura. Segituan prismatikoak hartu eta han ikusi nituen 30 pertsona inguru, 8 pertsonarentzako prestatuta zegoen bote baten. Inpaktu handia egin zidan. Irratitik abisua eman, eta dena prestatu genuen: ura, mantak, erropa lehorra… Zorionez, inor ez zen galdu, ezta hil ere, denak ondo heldu ziren islara. Baina haien aurpegiek dena esaten zuten, neke aurpegiak ziren batzuk, triste aurpegiak beste batzuk, Europara heltzearen ondorioz sortutako zoriontasunezkoak beste batzuk…  Entzuten ziren negarrak ere. Gogoratzen dut oso nerbiosa jarri nintzela, momentuan ez dakizu zer egin, nola jokatu, dena ondo egitea nahi duzu-eta… Handik gutxira, ohikoa den moduan, autobus bat etorri zen eta errefuxiatuak errefuxiatuen kanpalekura eraman zituen. Batzuk, poliziarengandik ihes egitea lortzen badute, ez dira autobus horietan sartzen, eta beste soluzio batzuk bilatzen saiatzen dira, euren kabuz. Baina oso zaila da, gainera, poliziak, behar den indarra erabiliz, autobusean sartzera behartzen dituzte. Momentu horietan, arrazakeria ere ikusten da hainbat pertsonen partetik…oso tristea da.


    Oso gogorra da holako ezbeharretatik ihes egin eta gero, pertsona hauek Europan topatzen dutena. Bote horietan datozen pertsonen gehiengoak ez daki igeri egiten, ez dute inoiz itsasorik ikusi, gauez egiten dute bidai arriskutsu hori, haien seme-alabekin, jaioberriekin, bakarrik… Gainera, Europara etortzeko saiakera bakoitzeko 1000 – 5000 euro bitartean ordaindu behar izaten diete mafiei, bote ziztrin baten sartzearen truk, baina horrek ez du bermatzen Europara heltzea. Bi herrialdeak banatzen dituen 16km horiek hilgarriak dira askorentzat. Asko eta asko hiltzen dira itota edo hipotermiak jota, eta “zorte ona” dutenak Lesbosera edo beste isla batera heltzen dira, ondoren, inork zehaztuko ez dien denbora mugagabe batez errefuxiatuentzako kanpaleku baten bizirauteko. Aipatu behar dut hemengo komunikabideetan gutxi azaltzen den arren, Lesboseko errefuxiatuentzako kanpaleku batetik milaka pertsona desagertu direla (batez ere, haur eta emakumeak). Zela liteke igeri egiten ez dakien jendea isla batetik desagertzea? Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.