Pil-pilean berritua kalean

E. Unamuno 2017ko urt. 30a, 13:54

Pil-pilean aldizkariak formatu berria estreinatu du urtarrileko alearekin batera. Aldatu da neurria, diseinua, edukia antolatzeko modua... Irakurlearentzat erakargarriago izango den aldizkaria egiteko asmoz.

Pil-pilean aldizkariak hogei urte bete zituen iaz, eta 2017ko urtarrila data egokia iruditu zaigu aldizkaria goitik behera berrituta kaleratzeko. 

Lehenengo begiratuan antzematen den aldaketarik nabarmenena, beharbada, neurriari dagokiona da. Formatu berria hogei urtean zehar erabili dugun A4a baino txikiagoa da eta horixe da begiratu edo eskuetan hartutakoan antzematen den lehenengo gauza.

Diseinuari dagokionez, zeharo bestelakoa da. Gure ustez, landuagoa da, eta gaur eguneko aldizkarien antz gehiago du. Edukiaren eta espazio zurien arteko oreka ere ezberdina da, eta baita argazkiei ematen zaien tratamendua ere.

Aldizkariaren neurriak eta diseinuak edukia beste modu batera antolatzeko modua ematen du eta horrek asko errazten du atal gehiago txertatzea. Esaterako, lehenago pentsaezina zatekeen argazki batek bi orrialde hartzea.

Esan bezala, aldizkaria formaz berritu izanak edukiz berritzeko aukera ere erraztu du. Hainbat atal berri gehitu ditugu: argazki albuma, umeendako edukia, iritziendako tarte zabalagoa (hausnarketarako gaia eta biñeta satirikoa barne), aisialdirako proposamenak, bizipenei dagokien atala... Orokorrean aldizkari berriak atal gehiago dakar, eta, horrenbestez, gai gehiago, pertsona gehiago, ahots gehiago...

Hobetzeko asko

Hobetzeko asko dugu, ordea, eta horixe izango da gure helburua datozen hilabeteotan. Besteak beste, kolaboratzaileekin, iragarleekin eta herriko eragileekin harremanetan jarriko gara, euren iritzia entzun eta hobekuntzak egiten jarraitzeko.

Iritziak, ongi etorriak

Esan beharrik ere ez dago iritzi eta proposamen denak ongi etorriak izango direla. Beraz, esateko zerbait baldin baduzu, bidal dezakezu aldizkaria@pilpilean.eus helbidera edo helarazi zeuk egoki irizten diozun bidetik. Pil-pilean herri komunikabidearen erredakzioa osatzen dugun lagunok asko eskertuko dizugu.