Guraso etxean, guraso kalean

RajaNasir 2017ko urt. 18a, 13:43

Gaurkoan zuen arreta erakari nahi dut gure seme-alaben arazoekin lotuta dagoen gai garrantzitsu bati buruz jarduteko, hau hasiera baino ez da-eta. Izan ere, arazoak epe motzean konpondu ezean, oso zaila izan ohi da gero horiek bideratzea, arazoa ez da desagertzen.

Beraz, artikulu hau idatzi dut duela pare bat aste izandako esperientzia txar bat zuekin elkarbanatzeko. Aurrekoan, plaza zaharrean nengoen, nire semeak jolasean nola ari ziren ikusten. Halako batean konturatu nintzen semea eta bera baino zaharragoa zen beste ume bat elkarrekin borrokan ari zirela. Eurengana joan nintzen eta gelditzeko esan nien. Ez nituen epaitu, ez nien esan zein zegoen oker eta zein zuzen, gelditzeko besterik ez nien eskatu.

Nire semea gelditu zen baina bestea hasi zen euskaraz zirenak eta ez zirenak esaten. Hura baretzen saiatu nintzen esanaz lagunak zirela, baina mutilak ni iraintzen jarraitu zuen. Inguruko jendea egoeraz ohartu zen eta bi emakume gerturatu ziren mutila lasaitzeko asmoz, hala ere mutilak ez zuen jarrera aldatu eta emakumeak iraintzen hasi zen. Ziur nago emakume horiek hau irakurtzen badute gertatutakoa gogoan izango dutela. Kontua da, plazan zein kalean, maiz ikusi ohi ditudala umeak horrela jokatzen euren lagunekin, klasekideekin edo zaharragoekin. 

Etxean bestearekiko errespetuari garrantzia handia ematen diogu semeak hezterako orduan. Mutil eredugarri gisa ikusi nahi ditut semeak, edozeinek bere seme-alabak eredugarri ikusi nahi lituzkeen moduan. Hori dela-eta, nire kezka azaldu nahi nieke etxetik kanpo umeek egiten dutenari arretarik jartzen ez dieten gurasoei. Ez dut esan nahi beste mutil hori erruduna denik nire semearekin borrokatu zelako, azken baten, biak dira umeak. Baina horrelako jarreren aurrean gurasoek ez badute umearekin hitz egiten edo ez badiote umeari gertatutakoaz hausnarrarazten hark pentsa dezake ez dela ezer gertatzen, zuzen jokatzen ari dela, eta horrela jokatuko du behin eta berriz.

Esan bezala, umea ez da gertatutakoaren erruduna, bera etxetik kanpo dabilenean egiten duenari gurasoek arretarik ez jartzearen ondorioa baino ez da. Gurasoak normalean euren seme-alaben alde egin ohi dute, gertatutakoaz ezer handirik jakin gabe. Horregatik, bereziko estimatzen ditut kalean edo plazan umeek egiten dutenari arreta jartzen dioten gurasoak. Badakit gurasook gure seme-alabak asko maite ditugula, baina eurekin denbora gehiago eman beharko genuke eta euren ekintzetan arreta gehiago jarri. Jakin beharko genuke zer gustatzen zaien, etorkizunean zer izan nahi duten, zer egiten duten, euren lagunakzein diren... Denok nahi dugu gure seme-alabak zintzoak izatea, baina horretarako euren hezkuntzan interes handiagoa jarri beharko genuke.

Hortaz, kalean seme-alabekin egoten ez zareten gurasoei zera eskatzen dizuet, eurekin denbora gehiago ematea eta umeak gainontzekoekiko errespetuan heztea. Horrek pertsona zintzo eta eredugarri izateko bidea erraztuko baitie eta gizartearentzako ere onuragarria izango da. Amaitzeko artikulu hau idazten lagundu didaten lagunei eskerrak eman nahi dizkiet, euskaraz ez bainaiz ondo moldatzen.