4.399.642 euro izango ditu aurtengo udal-aurrekontuak

E. Unamuno 2017ko urt. 12a, 17:14
Gabolats kaleko aldapan espaloia kentzeko lanak egingo dira aurten.

Aurtengo aurrekontua iazkoa baino % 6,10 altuagoa da eta inbertsioetara bideratuko den kopurua ere hazi egin da: 471.751 euro, iaz bideratu zenaren bikoitza ia. Inbertsiotarako diruaren zatirik handiena hirigintzara eta azpiegiturak konpontzera bideratuko da.

Abenduaren 22ko udalbatzarrean onartu ziren aurtengo aurrekontuak. Udal Gobernu Taldean dauden bi alderdien, EAJ eta PSE-EEren, aldeko sei bozkarekin onartu zen aurrekontua; EH Bilduko bost zinegotziek aurka bozkatu zuten.

Udal Gobernuko ordezkarien esanetan, aurtengo aurrekontuak gastu arrunta eta eragileendako diru-laguntzak mantendu ditu; berrikuntza nagusia, inbertsioetara bideratuko den diru-kopurua da: 471.751 euro. Iaz bideratu zenaren bikoitza izango da (iaz 250.000 euro bideratu baitziren). Azken bederatzi urteotan udalaren zorpetze-maila %64 jeitsi izanak eman du orain inbertsioetara diru gehiago bideratzeko aukera. 2008an, udalaren zorra 2.347.000 eurokoa zen, 583 euro biztanleko, eta 2017an, 825.000 eurokoa da, 209 biztanleko. Inbertsioetara bideratzeko, udalak 144.000 euroko mailegua eskatu du aurten.

Azpiegiturak hobetzeko proiektuak
Aurten gauzatuko diren proiektu berri gehienak hirigintza eta azpiegiturak hobetzera bideratutakoak izango dira: 90.000 euro Gabolatz eta Calonge kaleetan irisgarritasuna bermatzeko, 60.000 euro herrigunearen mantentze-lanetarako, 58.000 euro landa garapenerako (Agarre baserrirako bidea, mendigaina...), 45.000 euro Ludoteka eta Gaztelekua zahar berritzeko, 41.000 euro kiroldegiko konponketetarako... Bestalde, zenbait egitasmo sozial garatzeko diru-partidak ere izango dira: 54.000 euro hezkuntza proiekturako, 26.000 euro ongizate alorrerako... Udal Gobernuaren esanetan, "aurrekontuan, orohar, lehentasuna eman zaio lehendik martxan ziren zerbitzuak hobetzeari, eta ez horrenbeste proiektu berriak planteatzeari".

Unai Larreategi (EH Bildu): "Udal batzordeetan eztabaidatu gabe aurkeztu zaizkigu aurrekontu orokorrak".

Unai Larreategik, EH Bilduren izenean, koalizioak kontra bozkatzeko izan dituen arrazoien berri eman zuen. Bi arrazoi nabarmendu zituen: batetik, EH Bilduk egin dituen lau proposamenetatik bakarra onartu izana Udal Gobernuak; eta, bestetik, aurrekontuak aurkezteko erabilitako prozedura "ezegokia".
EH Bilduk proposatu eta Gobernu Taldeak onartu ez dituen proposamenak ondorengoak izan dira: alkatearen soldata 30.000 eurotan murriztu eta diru hori futbol zelairako bidea argiztatzeko erabiltzea, DBHko eraikina berriztea 6.000 euro bideratuz, eta energia arloko eta Alkarrekineko beharrizan larrien egitasmoak koordinatzeko eskaintza, 40.000 euroko diru eskaera zuena. Udal Gobernuak onartu duen proposamena bizikletak garbitzeko zerbitzua egokitzeko 3.000 euro bideratzea proposatzen zuena izan da. Bestalde, EH Bilduren iritziz, aurrekontuak aurkezteko prozedura ez da egokia izan, "aurrekontu orokorra udal batzordeetan eztabaidatu gabe" aurkeztu zaielako.

Iker Aldazabal alkateak adierazi du aurrekontuan jasotako inbertsioak "herritarrek azken bi urteotan egindako eskaerei erantzutea" dutela helburu eta herriarendako "oso garrantzitsuak" direla. EH Bilduren posturagatik galdetuta, "udal gobernua desgastatzeko estrategiatzat" jo du. Bere ustez, horren froga da EH Bilduk aurrekontuetan jasotako "egitasmo bakar bat ere" kritikatu ez izana. 


Oharra: Datozen egunotan, Iker Aldazabal alkateari eta Patricia Borinaga alkate ordeari egindako elkarrizketa jarriko dugu ikusgai Plaentxia.eus-en. Legegintzaldiak orain arte eman duenaz, eta aurtengo aurrekontuez galdetu diegu udal gobernuko kideei; baina baita oposizioarekiko harremanaz, eta herriaren egoera sozioekonomikoaz ere.