Sora "A"k garaipenarekin hasi du urtea

G.Azkarate 2017ko urt. 8a, 09:44

Soraluze "A"k 3-2 hartu zuen mendean Intxurre atzo Ezozi futbol zelaian. Markagailuan uneoro abantaila izan arren epaileak partiduaren amaiera pitatu arte asko sufritu zuten etxekoek. "Pele"ren mutilak hirugarrenak dira sailkapenean.

Gorengoen erregional maila

Taldeak: Soraluze "A" 3-2 Intxurre

Goleatzaileak: Cenzual (2) eta Biska (1)

Sailkapena: 3*. 28 punturekin.

*partida guztiak jokatu gabe

Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau

Soraluze "A"k sailkapeneko azken sailkatuaren bisita izan zuen atzo Ezozin. Erraz irabazteko hiru puntuak ziruditen hasieratik eta markagailuan uneoro agintzen joan arren plaentxiarrak epaileari partida amaitu zezan eskatzen amaitu zuten.

Lehen zatian etxekoak izan ziren partiduaren eta jokoaren jabeak. Bederatzigarren minutuan izan zuen Uriguenek etxekoek lehen gol-aukera eta hamabostgarrenean  egin zuen "Cenzual"ek atezaina buruz gain gaindituz lehen gola (1-0). Hamazazpigarrenean, nagusiekin laugarren partidua zuen, Barrutia gazteak egin zuen gol-saiakera baina bere baloi loratua gutxigatik kanpora joan zen. Hogeitaseigarrenean "River" gol egiteko zorian egon zen baina Intxurreko defentsak marratik atera zuen baloia. Lehen zatia amaitzen zegoela etxekoek intentsitatea jeitsi zuten eta "Santa" atezainak geldiketa batzuk egin behar izan zituen. Lehen zatiko luzapenean "Cenzual"ek gol bikain bat sartu zuen, beste behin, baloi loratu batekin atezaina gaindituz (2-0).

Bigarren zatian etxekoak izoztuta zelairatu ziren, tenperatuta horrelakoa zen, eta aurkariek une hori baliatu zuten zazpigarren minutuan, defentsaren akats batean, markagailuan aldea estutzeko (2-1). Hamabostgarrenean, zelairatu berria zen, "Biska" aurrelariak ondo baliatu zuen "Brian"ek emandako pase luzea etxekoen hirugarrena sartzeko (3-1). Dena alde zutenean egin zuten behera "Pele"ren mutilek eta Intxurrekoak erasora joan ziren. Soraluzetarren taldea zatituta zegoen eta baloiaren jabetza galdu zuten. Atzean sartu ziren baloiak urrundu eta defendatuz. 37. minutuan sartu zuen Intxurrek bigarrena defentsa eta erdilarien artean zegoen tartea baliatuz areaz kanpoko jaurtiketa batean (3-2). Azken minutuak luze egin zitzaizkien soraluzetarrei eta azken jokaldiraino sufritu behar izan zuten. Partidua eta markagailua kontrolpean izan arren, behar baino gehiago sufritu zuten etxekoek urteko lehen garaipena lortzeko.