Eguneko zentroa martxan

G.Azkarate 2016ko abe. 1a, 19:39

Atzo zabaldu zen Soraluzeko eguneko zentroa zazpi pertsonarekin . Eskaeraren arabera beteko dira tokiak eta gehienez 18 pertsonarentzako lekua dago. Juan Fernandez plaentxiarra eta Garbiñe Garcia bergararrak dihardute lanean.

Soraluzeko eguneko zentruak atzo, eguaztena, ireki zituen ateak. Aita Menni arduratuko da zentruaren kudeaketaz. Zazpi pertsona hartu ditu zentruak irekieran eta bertako arduradunak, Fernandezek, esan digunaren arabera udalean eskaerak jaso ahala joango dira tokiak betetzen, "gehienez 18 pertsona hartzeko prestatuta dago zentrua". Momentu honetan Eibarko lau eta Soraluzeko hiru pertsona daude. Garcia, arduradunak jakinarazi digunagatik, herrian momentuz ez dago eskaera handirik eta horregatik etorri dira Eibartik, "martxa hartzen dihardu eguneko zentruak eta eskaerak jaso ahala antolatuko dira tokiak".

Goizeko 9:00etatik 18:00ak bitartean zabalik

Eguneko zentruak astelehenetik ostiralera irekiko ditu ateak goizeko bederatzietatik arratsaldeko seiak bitartean. Fernandez, plaentxiarrak azaldu digu eguneko funtzionamendua, "goizeko 9:00etan gerturatzen dira, batzuk autobus zerbitzuarekin eta beste batzuk oinez. Jarraian gosaldu eta egunaren arabera ekimen ezberdinak egiten ditugu: prentsa irakurri, ariketa fisikoa, bingoa, karta-jokua edota eskulanak.  13:00etan bazkaldu egiten dugu eta 16:30etan meriendatu".