Asier Riesgo, Eibar, eta Mikel Gonzalez, Real Sociedad taldeeko jokalariak izan ziren atzo antzokian kirol-erreferente euskaldunak ezagutu eta euskararen erabilera gaztetxoen artean prestigiatzea helburu duen "Izarrekin berbetan" egitasmoaren barruan. Solasaldia Koikilo Lertxundi, Atletick-eko jokalari ohiak gidatu zuen.
Jendetza batu zen berbetaldira
150 neska-mutiletik gora gerturatu ziren atzoko berbetaldira. Punta-puntako futbol jokalariak duten irismen maila altuaren erakusleiho. Lertxundik esan bezala; "lehen mailako futbol jokalariak erreferente dira gaur egungo gaztetxoentzat eta horregatik etorri dira Mikel eta Asier gaztetxoei euskarak duen balioa eta garrantzia azpimarratzera".
Ia ordu eta erdiko solasaldian Koikilik denetariko gaiak jarri zizkieten mahai gainean futbolariei; noiz erosi zituzten lehen eskularru eta zapatillak, zein musika entzuten duten partiduen aurretik, lesioak, atzerriko hizkuntza, futbola... Asierri bere aitak 4 urte zituela oparitu zizkion lehen eskularruak eta Ken-7 taldea entzuten duela esan zuen. Mikel-ek aldiz Des-kontrol taldea gustatzen zaiola kontatu zien gaztetxoei.
Kirol profesionala osasuntsua den ala ez izan zen beste gaietako bat. Riesgoren ustetan osasungarria da norberaren mugak ezagutzen baditugu. Gonzalez-ek aldiz uste du ez dela osasungarria uneoro maila gorenean egotera behartuta zaudelako eta askotan, ia beti, minez entrenatzen diharduzulako horrek gerora ekarri ditzakeen arazoekin
Solasaldiaren amaieran gaztetxoak hartu zuten moderatzaile papera eta futbolariei galderak egiten jardun zuten, tartean: fisika-kimika, matematika, futboleko bizipenak, futboleko obsesioak, afizioak eta elikadura gaien inguruan. Amaitzeko lau baloi zozketatu zituzten entzuleen artean eta azkenik argazki-erraldoia egin zuten gaztetxoekin.
"Gaztetxotan egiten duzunarekin gozatzeko unea da" Mikel Gonzalez
Gaur egun formakuntza goztiarrak dakartzan arazoen inguruan mintzatu ziren. Hiru hizlariak azpimarratu zuten gaur egun dauden kirol-aukera anitzak probatzearen garrantzia. "Gu gazteak ginenean frontoia eta futbol zelaia besterik ez genuen eta gaur egun aukera asko dituzue" esan zuen Asierrek. Koikili-k argi utzi nahi izan zien gaztetxoei kirol-profesionalera saltoa gutxik ematen dutela eta naiz eta ametsa ez den alboratu behar ikasten jarraitu behar dela erabakiak hartzeko unea iritsi arte. "Gaztetxotan egiten duzunarekin gozatzeko unea da eta kirol-profesionalera saltoa eman behar duenak emango du, lasai" zioen Gonzalez-ek.
Euskara eta bizikidetza
Bi futbolariak euskararekin bere taldeetan bizi duten errealitatearen inguruan mintzatu ziren. Lertxundi-k euskararen erabilera eskola-kiroletik kanpo bultzatzearen garrantzia eta hizkuntza ezberdinen arteko bizikidetza azpimarratu zituen.
Asier-ek aipatu zuen Eibar taldeko egunerokoan ez duela euskara asko erabiltzen taldekide gehienek ez dakitelako. Hala ere, esan zuen mediku, entrenatzailea eta dakiten futbolariekin beti euskaraz hitz egiten duela nahiz eta inguruan ulertzen ez duen jendea egon. "Talde berekoak izateak konfiantza giroa sortzen du eta euskara ez dakienaren ondoan euskaraz mintzatzen gara badakielako ez gabiltzala hizkuntza berari burla egiteko erabiltzen".
Mikel-en errealitatea aldiz guztiz ezberdina da. Errealean asko dira euskal herriko futbolariak eta aldageletan euskara dela hizkuntza entzunena esan zuen. "Ezdakitenekin gaztelerara jotzen dut helebiduna naizelako horrek suposatzen duen luxuarekin".