Iban Muruak eta Maite Maiorak Karakateko Igoerako errekorrak ondu dituzte

Barren.eus 2016ko aza. 20a, 23:52

26 minutu eta 52 segundoan osatu du Iban Muruak Karakateko igoera. Hala, proban lortu duen estreinako garaipenaz gainera, 45 segundoan ondu du gaur bigarren egin duen Iñigo Larizek zuen errekorra. Emakumezkoetan ere probako marka berria ezarri du Maite Maiora mendaroarrak, 31:37. Ia hiru minutuan ondu du Nahia Quincocesek 2014an ezarritako errekorra.

Karakateko 23. Igoera jokatu da gaur. 75 lagunek hartu dute irteera Kalegoen plazan eta Iban Murua izan da Karakateko tontorera ailegatzen azkarrena. Iban Murua eta Iñigo Larizen arteko lehia estua aurreikusten zen aurten, eta pronostikoak betez, biak ailegatu dira lehenengo bi postuetan. Bien arteko aldea handia izan da, ordea. Muruak minutu bateko aldea atera dio Larizi. Eta horrez gain, Larizek 2014an ezarritako errekorra ere ondu du Muruak, 45 segundoan ondu ere.

Muruak hasieratik erritmo bizia jarri du eta atzean laga ditu jarraitzaileak, Iñigo Lariz, hirugarren egin duen Aitor Ajuria otxandioarra eta laugarren egin duen Julen Martinez de Estibariz antxitxikari gasteiztarra. 

• Maioraren erakustaldi berri bat

Emakumezkoetan zalantza gutxiago egon da, mendi maratoiko txapeldun Maite Maiorak parte hartzeko izena eman duen unetik, hain zuzen ere. Lesio batetik osatzen ari bada ere, "fresko" aurkitu du bere burua eta igoera aparta egin du, 31 minutu eta 37 segundoan. Txikitu egin du Nahia Quincoesek zeukan errekorra, eta ia hiru minutuan ondu du. 

Igoerako argazkiak eta informazio gehiago: http://barren.eus/albisteak/kirolak/1547-iban-muruak-eta-maite-maiorak-karakateko-igoerako-errekorrak-ondu-dituzte