Bergarako Orkestra Sinfonikoaren kontzertuan eliza betetzeko deia

E. Unamuno 2016ko aza. 21a, 08:00

Bergarako Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du barixakuan elizan eta jasotako dirua Aspanogi elkartearendako izango da. Antolatzaileek dei egin diete soraluzetarrei eliza bete dezaten.

Elkartasun-kontzertua antolatzeko asmoa Plaentxi herri-ikastetxeko irakasle den Leire Ibarzabalen ekimenez sortu zen, “ikaskide dugun mutiko batek leuzemiaren kontrako borrokan dihardu eta ahal dugun heinean lagundu beharra dugula pentsatu nuen”. Ibarzabal Bergarako Orkestrako kidea da eta oskrestan ideia proposatu zuenean baiezkoa eman zioten. Ostean, Parrokiko taldeak, Udalak, Plaentxi herri ikastetxeak eta Pil-pileanek ere bat egin dute ekimenarekin.

Ibarzabalek barixakuan elizan ehunka herritar batzea espero du “orkestra entzutea sekulako gozamena delako eta jasotako dirua Aspanogi elkarteari laguntzeko izango delako”. Sarrerak salgai daude Bolia, Iratxo eta Gaztelupen 8 euroko prezioan, eta 5 eurotan 0 ilarako sarrera solidarioak.