Hemendik aurrera Txurruken, ofizialki ere

E. Unamuno 2016ko urr. 14a, 10:02

Udalbatzak aho batez erabaki du auzuneari Serafin Atxotegi izena aldatu eta Txurruken izena ezartzea izen ofizial modura. Izen aldaketaren alde sinadurak batu dituen herritar taldeko ordezkariak udalbatzarrean izan ziren eta gustora jaso zuten erabakia.  

Serafin Atxotegi auzuneari izena aldatzeko proposamena izan zen atzoko udalbatzarreko puntu nagusienetako bat. Auzune horretako herritar talde batek egindako proposamena zegoen mahai gainean, auzuneari izena aldatu eta Txurruken ematea proposatzen zuena. Alderdi guztiek aho batez onartu zuten aldaketa egitea eta alkateak herritarren ekimena zoriondu zuen egindako lanagatik.

Herritarren ekimenaren izenean, Iñaki Amuategi “Txistok” adierazi zuen gaur egun ez daukala inolako zentzurik altxamenduaren eta faxismoaren alde jardun zuten pertsonen omenezko izenak izateak, non eta Soraluzen. Amuategik azaldu zuenez, auzokideen babesa ia erabatekoa izan da “auzoan dauden 61 etxebizitzetako 51 izan dira eta, auzoari Txurruken izena jartzearen alde sinatu dutenak”. Amaiatzeko, ekimena bultzatu duen taldearen izenean, eskerrak eman zizkien auzokide eta alderdi politikoei jasotako babesarengatik. Orain, hogei eguneko epea izango da erabakiari alegazioak aurkezteko, eta, ez badago, behin betiko erabakia izango da.

Datorren urteko udal-tasak zein izango diren ere erabaki zuen atzoko udalbatzarrak. Tasa guztiak izoztu egingo dira, zaborraren tasa izan ezik. Zaborraren tasa %8 igoko da 5. edukiontziaren erabiltzen dutenendako, eta, %17 erabiltzaile ez direnendako. EH Bildu abstenitu egin zen bozketan eta Unai Larreategik azaldu zuen zergaitia: “iaz igoera justifikatzeko arrazoia EH Bilduren gestio txarra izan zela esan zenuten, eta aurten, joan zen urtekoa baino igoera handiagoa planteatu duzue baina inolako informaziorik eman barik. Badakigu bakoitzak sistema ezberdinen aldeko apustua egin dugula baina horretan sartu barik, errauskailua egin behar bada jakin beharko dugu zein planteamendu ekonomiko dagoen, ezta? Urtero %17ko igoerak planteatzen dira? Mankomunitatean udal honen ordezkaria naiz eta sekulako tonto aurpegiarekin geratzen naiz igoera azaltzeko ematen den guztia orri solte bat denean, igoeren taularekin. Hau ez da serioa.”. Udal-gobernuaren aldetik ez zen erantzunik izan.

Etxebizitza hutsen gaineko %75eko errekargua bertan behera lagatzeko proposamena aurkeztu zuen EAJk baina EH Bilduk eta PSE-EEk atzera bota zuten aurka bozkatuz. EH Bilduk errekarguagatik jasotako diruak etxebizitzen arazoari irtenbidea ematera bideratzeko eskatu zuen, adieraziz joan zen urtean beste zeregin batzuetara bideratu zela. Patricia Borinagak errekarguarengatik jasotako diruak etxebizitza arloko egitasmoetara bideratzeko konpromisoa hartu zuen udal-gobernuaren izenean, horretarako aurten jasotako dirua gorde eta datorren urtekoa partida berera gehitzea adostu zuten.

Bestalde, aho batez onartu ziren, bailarako enplegu planean parte hartzea, datorren urteko taxiaren tarifa eta dirulaguntzen plan estrategiko berria onartzea (aurrekoa Urkijok errekurritu eta atzera bota zuen).