Soraluzeko alderdien balorazioak

E. Unamuno 2016ko ira. 26a, 18:06

Herrian ordezkaritza duten alderdiei atzoko hauteskundeetako balorazioa egiteko eskatu diegu. Hona hemen:

Iker Aldazabal (EAJ)

"Euskal gizarteak EAJren aldeko apustu garbia egin du"

"Soraluzeko Eusko Alderdi Jeltzaleak eskerrak ematea nahi dizkie herri mailan guregan konfiantza ipini duten 597 soraluzetarrei. Orain dela 4 urteko emaitzekin alderatuz, orokorrean, bozka kopuruan alderdi guztiok egin dugu beherantz.

Dena dela, adierazi nahi dugu EAEn EAJ izan dela lehenengo indarra, 397.664 bozarekin % 37,65rekin. Guztira 29 legebiltzarkide lortu ditu, aurreko hauteskundeekin alderatuz, 2 gehiago. Baita 12.898 bozka gehiago ere.

Argi gelditu da, orokorrean euskal gizarteak EAJren aldeko apustu garbia egin duela eta bereziki Iñigo Urkullu lehendakari izatea berretsi duela.

Berriz ere eskerrak ematea nahiko genuke izan ditugun emaitza ezin hobeengatik!"

 

Unai Larreategi (EH Bildu)

"Mugimendu independentista osasuntsu dago herri honetan"

Hauteskundeen testuinguru ez demokratikoa salatzetik hasi nahiko genuke. EH Bilduko militanteek Arnaldo Otegi izendatu bai zuten lehendakarigai gisa, baina Espainiar Auzitegiek ukatu egin zioten aukera hori. Ondoren EITB berak ere Arnaldo debateetatik betatzeko erabakia hartu izana salagarria deritzogu.

Egoera oker horren aurrean ordea EH Bilduk asmatu duelakoan gaude bere burua berkokatzen eta euskal herritarrentzat etorkizun duin baterako proposamenak badituela azaltzen. Horren ondorio dira lorturiko emaitza txukunak. Zenbaitek orain 2-3 hilabete EH Bildu lurperatu nahi izan zuten, baina argi ikusi da mugimendu independentista osasuntsu dagoela herri honetan.

Kanpainan esandako moduan jasotako babesa ondorengorako erabiliko dugu: erabakitzeko eskubidean aurrerapausoak emateko, murrizketa sozialei ateak ixteko eta preso zein iheslarien etxeratzean sakontzeko.

Baldintzak badaude berez 75etik 57 legebiltzarkide kokatu daitezkeelako norabide horretan. Ikusiko dugu ordea EAJ prest dagoen akordioak lortzeko edota azken urteetako ildoari segika nahiago duen Espainia zein sistema ekonomikoak ezarritako murrizketen sumisioan segi.

 

Patricia Borinaga (PSE-EE)

"Emaitza txarrak dira eta gogoeta serioa egin beharko dugu"

"Soraluzeko PSE-EEtik uste dugu hauteskunde autonomikootan lortu ditugun emaitzak, zalantzarik barik, emaitza txarrak izan direla eta emaitza txarrok eskuartean hartuta, gogoeta serioa egin beharko dugula. Emaitza hauek zergatik gertatu diren azal dezaketen faktore asko dago baina ez dugu uste momentu honetan komenigarria denik beroan egindako balorazioa egitea. Euskal gizarteak era librean bozkatu du eta 9 legebiltzarkide eman dizkigu Eusko Legebiltzarrean. Bederati legebiltzarkide horiek, gure iritziz, balio behar du euskal sozialistontzako lehentasunezkoa izan dena defendatzen jarraitzeko: berdintasun soziala eta aukera berdintasuna, lanpostuen sorrera, euskal gizartearen pluraltasuna eta elkarbizitza sustatzea".