Mendata tabernan lapurtu dute, laugarrenez

G.Azkarate 2016ko ira. 26a, 08:41

Goizaldeko 4:30etan sartu da lapurra eta "tragaperras" makinako dirua eraman du. Segurtasun alarmak ertzaintzari abixua eman dio baina agenteak bertaratu direnerako joan egin da lapurra.

Bart goizaldeko 4:30etan jo du alarmak Mendata tabernako atea apurtu eta sartu direnean. Segurtasun sistemak zuzenean ertzaintzari abixua eman dio baina agenteak bertaratu direnerako joan da zegoen lapurra. Ertzainek esan dute, lehen hipotesi modura, herrian bizi den norbait izan daitekeela izan ere abixua jaso eta segituan herrira hiru sarbide ezberdinetatik sartu dira autoekin baina ez dute inor susmagarririk ikusi.

Segurtasun alarmako kamerak lapurreta grabatu eta agentziaren kontrolgunetik zuzenean ikusi dute gertaturikoa. Bertako arduradunak esan dutenaren arabera pertsona bakarra izan da tabernan sartu dena eta burua txano beltz batez estalita zuen.

Lapurrak "tragaperras" makina apurtu eta bertan zegoen dirua eraman du, 600-800 euro inguru gehienez eta ez du tabernako altzari eta bestelakorik apurtu, sarrerako zerraila salbu.

Laugarren lapurreta

Mendata tabernan lapurtzera sartzen diren laugarren aldia da. Oraingo lapurreta bi saiakeratan egin behar izan dute Gregorio Uribe "Gregorito" tabernako jabeak azaldu digunaren araberan: "Pasadan domekan, hilak 18, lapurtzera sartu ziren baina segurtasun-alarma jotzen hasi zen bolumen altuan eta lapurrak izutu eta momentuan atera zen tabernatik. Oraingoan alarmak badirudi ez duela behar zuen bolumen altuan jo eta gainera lapurra kamaretako irudiak ekiditeko burua estalita sartu da, bazekien nora zetorren".

Uribe oso hasarre azaldu da gertatutakoaren aurrean eta alkateari herria gauez zaintzeko neurriak hartzeko eskatu dio enegarrenez. "Ezin dira onartu behin eta berriz gertatzen ari diren lapurreta hauek. Gurean lau aldiz sartu dira baina inguruetako tabernetan ere egin dituzte lapurretak, azkena Gaztelupe tabernan. Gaueko zaintza exigitu behar dugu".