Musika, jana, edana eta pelota partiduak jaien bezperan

G.Azkarate 2016ko uzt. 23a, 01:21

Etxaburueta kalean musika, jana eta edana ez dira falta izan arratsaldeko 20:00etatik aurrera. 22:00etan pelota jaialdi jendetsua izan da frontoian.

Herriko jaiak ate joka diren honetan Etxaburuetako festa eta pelota partiduekin gozatzeko aukera izan dute gerturatu direnek gaur iluntzean. Intxixu, Arrano eta Bolia tabernek  antolatuta ogitartekoak eta musika kalera atera dituzte jaien bezperan giroa berotzeko. Arratsaldeko 20:00etatik gauerdira bitartean Dj Elviscaino izan da musika jartzearen arduraduna eta Etxaburueta kalean sukaldariak jo eta fuego ibili dira pintxoak prestatzen.Solomo, hirugihar eta txorixoaren usainak pintxo bat jateko gonbita egin die gerturatu diren guztiei.

Jende ugari gerturatu da pelota jaialdira

Pelota jaialdi eder batez gozatzeko aukera izan dute frontoira gerturatutakoek. Asier Olaizola, hainbat urtetan profesionaletan jokatutako pilotariaren presentziak interes handia piztu du herritarren artean.

Lehen partiduan Santamaria eta Zezeagak 16-22 hartu dituzte mendean Kortabarria eta Alberdi. Partidua Kortabarria eta Alberdiren alde hasi da eta 9-3ko markagailuarekin  baina Santamaria  tantoak amaitzen hasi da aurrean eta Zezeagaren laguntzarekin partiduari buelta ematea lortu dute.

Olaizola eta Atxotegik erakustaldia eman dute

 Olaizola eta Andreuk 22-19 hartu dituzte mendean Atxotegi eta Bolinaga.  Partidu oso entretenigarria eta polita jokatu dute lau pilotariek tanto ikusgarriekin.  Nagusitasuna erakutsi du Asier Olaizola Goizuetako pilotariak eta 41 urterekin kolpea baduela garbi utzi du. Aurrean Atxotegi saiatu da eta baita lortu ere tanto batzutan Olaizolari aurre egiten eta lehen koadroetan aurrez-aurre jokatzen baina amaieran Asierrek punta-puntako pilotaria zergaitik izan zen erakutsi du tantoak amaitzeko izan duen pazientzia eta lasaitasunarekin.

Bihar barixakua hasiko dira ofizialki Soraluzeko 2016ko jaixak eguerdiko 13:00etan txupinazoarekin batera.

Erlazionatuak