plaentxia.eus

Arriskuaren beldur (Martin Luque, kriminologoa)

  Gizartea

Martin Luque kriminologoari lapurreten gaiaren inguruko hausnarketa egiteko eskatu diogu.

 Arriskuaren beldur (Martin Luque, kriminologoa)
Martin Luque, kriminologoa. | Ikusi handiago | Argazki originala

Azken boladan jakinekoa da  gure inguruan hainbat lapurreta izan direla etxebizitzetan zein komertziotan eta logikoa da horrek mesfidantza eta beldurra sortu izana gure artean. Izan ere, egia da etxeetan (eta saltokietan) gertatzen diren delituak nahiko ugariak direla Euskal Autonomia Erkidegoan, baita estatu mailan ere. Hala ere, azken urteotan lapurreta kopurua gutxitu egin da Ertzaintzaren eta Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera. Gainera, aipatu beharra dago Espainia dela Europa mailan lapurretengatik preso kopururik altuena duen estatua. Hori guztia jakinda, prebentzio-planak eta segurtasun gorputzen ekinbideak bide onean doazela esan daiteke. Lasai egon gaitezke, beraz.

Dena den, gure arteko kezka handitzen joan da azken aldian. Zer dela eta? Kriminologiaren ikuspuntutik, bi kontu bereizi behar dira: batetik, segurtasun efektiboa eta bestetik segurtasun sentsazioa.

Segurtasun efektiboaren egoera salaketa, juizio eta espetxeratu kopuruetan oinarrituta baloratzen da. Baina nahiz eta kopuru horiek oso txikiak izan, beti egongo da delinkuentzia kopuru txiki bat. Horregatik, garrantzitsua da oso delitu gutxi egonda ere prebentzio-plan landuak egitea, segurtasun gorputzen aktibitatea ondo kudeatzea, herritarrei laguntza bermatzea, delitugileak harrapatzeko aukerak handitzea, kaleen azpiegiturak hobetzea...

Segurtasun sentsazioak ostera ez du zerikusi zuzenik estatistikekin. Azken urteotan herritarren segurtasunarekiko interesa nabarmen handitu da, eguneko 24 orduetan ikusten ditugu gai horrekin lotutako kontuak telebistan, irratian, zinematan, etab. Telebistak delituaren inguruko albisteak, debateak, iritziak eta aktualitate kontuak ikusarazten ditu behin eta berriz. Horrek gure segurtasunarekiko interesa izugarri handitu du eta baita delituarekiko beldurra ere. Baina gure inguruan ikusi ditugun kriminalitate kasuak ezin dira horiekin nahastu. Eten beharreko, eta eten ahal diren egoera tamalgarriak dira, baina, momentuz, urruti daude gure bizimodua alda dezaketen kriminalitate-olatu kasuak izatetik.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Ikuspegi orokorrarekin ez nago ados. Delikuentzia deitzen diogunaren arrazoiak (sozialak, ekonomikoak, politikoak...) zein diren begiratu eta errepresioan oinarritzen ez diren bideak aztertzea eta martxan jartzea posible dela sinisten dut (ojo, errepresioan "oinarritzen" ez dena diot). Noski, Martin kriminologoa da eta zentzu horretan ez diot ezer leporatzen; bere lana eta bere laneko ikuspegia dira.

Dena den, oso interesgarria da azken parrafoan segurtasun sentsazioaz dioena. Agenda sekurokrata bat dago abian aspaldidanik hemen, sektore eta interes politiko/ekonomiko zehatzak dituztenen eskutik (delinkuentzia ez ote da neurri batean euren politiken albo-kaltea?).

Zentzu horretan oso interesgarria da Argian duela bi aste publikatu zuten elkarrizketa hau:
"Delitua eraikuntza soziala da, unean uneko akordioen ondorioa"

Gotzon
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/lohit...

Erantzuna | #2

2014an Argian Jose A. Luis de la Cuesta, Donostian dagoen Kriminologiaren Euskal Institutuko (KREPI) zuzendariari egindako elkarrizketa ere interesgarria da oso.

"Ez omen dago delinkuentziarik gabeko gizarterik, beraz, delinkuentziarekin bizitzea beste erremediorik ez dugu. Jean Pinatelen hitzak ekarri dizkigu gogora José Luis de la Cuesta Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendariak, gizartea "kriminogenoa" dela adierazi digunean. Delitu den gertakizun bat ordea, ezin da egileari erantzukizunak eskatuz soilik aztertu, gizarteak duen erantzukizuna ere kontuan izan behar dela esan digu De la Cuestak. Egin beharrekoa, "errealitate hori ongi ezagutu ondoren, delituari aurrea hartu eta hari erantzuten jakiteko tresnak bilatzea da". Kriminologiak, beraz, ez luke jokabidearen kontrolera mugatu behar, guztion ongizatea bermatu behar luke. Ez bakarrik "onak" kontsideratzen garenon ongizatea, baita delitugilearen eta noski, biktimen ongizatea ere -batik bat ahulenena-.

Kriminologia hainbat diziplinen gurutzagune da: zuzenbidea, soziologia, psikiatriaà Diziplina horiek guztiek parte hartu behar dute krimenaren fenomenoa sakon aztertzeko. Errealitate konkretua aztertzen saiatzen dira, datu estatistikoen, elkarrizketen eta beste teknika batzuen bidez, ondoren, hori guztia ebaluatzeko."

http://www.argia.eus/index.php?ids=argia-asteka...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa