Etxebizitzetan egindako lapurretek kezka areagotu dute herritarren artean

Egoitz Unamuno 2016ko urt. 15a, 10:28
Santa Anako etxebizitzak.

Azkenaldian gertatu diren lapurretek herritarren artean zegoen kezka areagotu dute. Azkenengo lapurreta herenegun arratsaldean gertatu zen Santa Ana kaleko etxebizitza batean. Lapurreta jasan duen herritarrarekin izan gara.

Azkenengo lapurreta herenegun gertatu zen, Santa Ana kaleko 21. atarian, 6. pisuan. Lapurrak atea behartuta sartu ziren Maria Antonia Txurruka bizilagunaren etxean. Urrea zuten objetuak eraman eta etxea hankaz gora laga zioten. Ertzantzan salaketa jarri eta ate berria jarri du etxean.  

Maria Antoniaren testigantza

"Arratsaldeko 19:00ak aldera atera nintzen etxetik eta ganbarako solairuan bi gizonezko ikusi nituen. Solairu horretan ez da inor bizi eta han zertan ari ziren galdetu nien bizpahiru aldiz baina ez zidaten ezer erantzun. Momentu horretan pixkat beldurtu egin nintzen eta igogailua hartu eta kalera atera nintzen. Zeregin batzuk egin eta ordu erdi ingurura bueltatu nintzen etxera, bizilagun batek lagunduta. Atea zabalik zegoen,argiak piztuta eta dena hankaz gora. Urrea zuten objetuak bakarrik eraman zituzten, besterik ez. Ate zaharra nuen eta beharbada horregatik aukeratuko zuten nire etxea,ez dakit. Orain berria jarri dut eta esan didate hori segurua dela. Oraindik ere etxeko trasteak antolatzen dihardut eta azkenean horixe da neketsuena".     

Etxebizitzetako lapurretek kezka areagotu dute

Uda ostean, eta, batez ere, Gabon garaian ugaritu egin dira lapurretak. Lapurretak komertzioetan egitetik etxebizitzetan egitera pasatu izanak; gainera, egun argiz gertatzeak are gehiago handitu du herritarrek gaiarekiko zuten ardura. Udaltzaingoak jakinarazi digunez, San Tomas arratsaldean Zeletako etxebitza batean sartzen ahalegindu ziren, 23 gauean hainbat apurketa gertatu ziren kalean eta Darwin ileapaindegian sartu ziren, 31a iluntzean Estazio kaleko bi etxebizitzatan sartu ziren eta bitxiak eraman zituzten eta urtarrilaren lehenengo astean Estazioko beste etxebizitza batean sartzen ahalegindu ziren. Lapurretak jasan dituzten zenbait bizilagunek lapurrak ikusi dituztela adierazi dute eta Ertzantzak horien inguruko datuak batzen dihardu, salatu diren kasuetan. Udalak bere aldetik, gaia aztertzen dihardu eta, besteak beste, Ertzantzarekin elkarlanean hitzaldi bat antolatzeko asmoa dutela adierazi digu.

Datozen egunetan Plaentxia.eus-ek jarraipen eta lanketa berezia eskainiko dio gai honi.