Pascual Churrucako hainbat langilek elkarretaratzea egin dute enpresari ordaindu diezaiela eskatuz

Erredakzioa 2015ko abe. 9a, 12:23

Pascual Churruca

Joan zen eguenean Pascual Churrucako hainbat langilek elkarretaratzea egin zuten Plaza berrian enpresari zor dizkien ordainketak egin ditzala eskatuz. Langileek orain bi urteko abenduko soldataren zati bat jaso gabe dutela salatu dute.

Langileek adierazi dutenaren arabera, 2009tik atzerapenak jasan dituzte eta momentu honetan enpresak 2014ko abenduko eta 2015eko urriko nominen erdiak zor dizkie. Langileen esanetan: "Lana badago. Enpresak jende gehiago kontratatu du azken hilabeteotan, eskatu digute zapatuetan lanera joateko ere eta hori horrela izanda, ez dugu ulertzen zergatik ez diguten ordaintzen. Enpresaren aldetik azalpen argirik jasotzen ez dugulako eta zor digutena jaso barik gelditzearen beldur garelako erabaki dugu publikoki egoeraren berri ematea".

Altxortegian arazoak
Pascual Churrucako gerentziatik adierazi digutenez: "Egia da ordainketetan arazoak izan ditugula. Orain bi urteko abenduko nominaren zati bat dugu langileei ordaintzeko. Joan zen urtean ordaindu nahi genuen baina ezinezkoa izan zen altxortegian izan dugun arazoagatik. Orain dela urte batzuk inbertsio handi bat egin genuen forja beroaren alorreko produkzioa hobetzeko baina inbertsio hori egin zen garai beretsuan salmenta jeitsiera bat ere izan genuen. Gainera azken hilebeteotan arazoak izan ditugu kalitatean eta egoera guzti horiek arazoak eragin dizkigute altxortegian. Dena dela, azken hilebeteotan eskaeren zorroak gorantz egin du, fakturazioak ere bai eta datorren urterako espektatibak ona dira".

Gerentziak aitortu du altxortegiaren egoera "larria" dela baina egoera hori konpontzeko bidea ikusten du "denen artean fakturazioa handitzea" lortzen bada. "Uste dugu langileei zor zaiena ordaintzeko moduan izango garela, datorren urterako ditugun espektatibak onak direlako, baina hori fakturazioak baldintzatuko du".