XX.Gaztañerre azoka bihar, berritasun batzuekin

Erredakzioa 2015ko aza. 13a, 11:09

Gaztañerre-1

Gaztañerre azokaren hogeigarren edizioa egingo da bihar. Ekoizle berrien postuak izango dira eta beheko karpan egon ohi ziren talo-postua eta barra Erregetxera jasoko dira azoka gunea erakargarriago egiteko. Iluntzeko erromeria Zesuma talde tolosarrak girotuko du.

Gaztañerre azoka urteko jairik garrantzitsuena bihurtu da herrian eta aurten ere, azoka eta jai giroa uztartzen dituen egitarau oparoa antolatu dute herriko taldeek eta udalak. Goizeko bederatzietan zabalduko da azoka. Ordurako azokako postu guztiak gertu izan beharko dira. Azokako postuei dagokienez, joan zen urteetan jarri izan den postu kopuru antzekoa jarriko da aurten ere. Bi postu berri izango dira: Egotzarena (gazta) eta Belaitz nekazal etxeak bere produktuak erakusteko jarriko duena. Horrekin batera, herrian argitaratutako bi largitalpen ere jarriko dituzte salgai: Soraluze 1936 lan taldeak argitaratu duen gerraren gaineko liburua eta Kontrargi argazki taldeak osatu duen 2016rako egutegia.

Azokako postuak

Barazkigileak eta beste:
Lezarri Baserria
Arizaga Baserria
Obe Baserria
Goenetxetxo Baserria
David Elizburu (eztia)
Untzeta Erdikoa (Gazta)
Egotza Baserria (Ahunt gazta)
Zeleta Baserria (Mermelada+fruta)
Irati Trebiño (pasta)

Artisauak 
Arrate Lizarralde (Otargintza)
Aitor Amor (Makilak)
Edurne Garate (Larrua...)
Alberto Ramirez (Pintura, eskultura...)
Amaia Amor (Larrua)
Kristina Albisua (Pitxiak...)
Maite López (Jositako gauzak)
Nuria Muro (Oparitxoak:..)
Lore Gallastegi (Makrame)
Sara Peñalva (Larrua)
Saadia Nasir (Oihalak, jantziak, henna...)
Horrez gain: Kontrargi, Soraluze 1936, Bidetxior kontsumo taldea eta Belaitz nekazal hornigaien postua.

Ganaduzaleak
Iraola Etxeberria Baserria (Salers+Blondak)
Iraolabeita Baserria (Asturianak)
Osuma-Gain Baserria (Pirenaikak)
Obe Baserria (Limusinak)
Arizaga Baserria (Suizak)
Arritxa Baserria (Pirenaikak)
Iribe Baserria (Hegaztiak)
Barrenetxe Baserria (Hegaztiak)
Barrenetxe Baserria ( Suizak, "Azul Belga", Txerria)
Iriarte Gain Baserria (Behor Appaloossa, Hereford, Aberdeen Angus)
Untzeta Erdikoa (Ardiak)
Andres Gómez + Belarreta (Idiak)

Jan-edana Erregetxean

Azoka-gunearen egiturari dagokionez, Plaza Zaharreko karpan jarri ohi den talo-postua eta barra Erregetxeko azoka gunean ezarriko dira eta hauei lekua egiteko tablatu txikiagoa jarriko dute. Herritarrek jan-edana azoka-gunean bertan izatea da aldaketa honen helburua. Sagar zukua egiteko prentsarekin egingo den erakustaldia ere aipagarria da; Arabatik ekarritako prentsarekin sagar-zukua egingo dute momentuan bertan eta jendeari probatzeko emango diote.

Omenaldia bi amonari

Hamaiketan Kukumixoren jolasak eta Gaztetxeak antolatutako herri-kirol erakustaldia hasiko dira eta hamabi t'erdietan Aitor Mendiluze eta Agin Laburu bertsolariek bertso saioa eskainiko dute. Ostean, Urrats dantza taldeko dantzari txikien erakustaldia eta azokako barazki postuen sari banaketa egingo dira. Urtero moduan bi baserritar ere omenduko dituzte, aurten bi amona: Armendi baserriko Pilar Belategi Txurruka (1928) eta Arizaga baserriko María Irusta Mugartegi (1928).

Babajana eta erromeria Zesuma taldearekin

Ostean, bazkariak izango dira han eta hemen, eta gehienetan babak izango dira plater nagusi. Aurten baserritarrek Txurruka jatetxean iegingo dute bertso-bazkaria, gazte asanbladak Gaztetxean babajana eta Pil-pileanek antolatuta herri-babajana egingo dute Plaza Zaharreko karpan. Azken honetan kantu saioa izango da bazkal ostean Beñat kantariak lagunduta. Iluntzeko erromeria Zesuma talde tolosarrak girotuko du 19:00etan hasi eta hamar t'erdiak aldera arte. 23:30ean berriz erromeria egingo dute Gaztetxean Fun&Go talde zarauztarrarekin.

Gaztañerre Azoka