"Bañeran sartu zidaten burua konortea galdu nuen arte" Mikel Alberdi

Erredakzioa 2015ko mar. 4a, 09:44

 Mikel Alberdi Orbe soraluzetarrak lehenengo aldiz kontatu zituen publikoki Guardia zibilaren eskutan jasandako torturak (bideoan 1:01:50an) otsailaren 19an Torturaren nazioarteko egunaren harira Soraluzeko Sortuk antolatu zuen mahainguruan. 

"1984an Guardia zibilak Intxaurrondora eraman ninduen atxilotuta. Belauniko jarri ninduten bañera baten aurrean, begiak estalita, eta behin eta berriz sartu zidaten burua, egin ez nuen zerbaiten aitorpena sinatu nezan. Hamargarrenean konortea galdu nuen. Ordu batzuetara esnatu nintzen eta tente egon ezinik etxeratu nintzen", kontatu zuen Mikelek. Julen Arzuaga durangarrak, Tortura Euskal Herrian liburuaren egileak, Frankismo garaitik gaur arte torturak izan duen bilakaeraren berri eman zuen. Eñaut Aiartzaguena iurretarrak urtebete egin zuen gartzelan Segikoa izatearen akusaziopean eta atxiloaldiko inkomunikazio egunetan Madrilen jasandako torturen berri eman zuen.

37 soraluzetarren tortura salaketak dokumentatu dituzte
Eusko Jaurlaritzak 1960tik 2013ra bitartean gertatutako tortura kasuak aztertzeko oraintxu martxan jarri duen egitasmoaren harira, herritar talde batek soraluzetarrei dagozkien hainbat kasu dokumentatu ditu. 93 atxiloketa dokumentatu dituzte eta hogeitamazazpi tortura salaketa: "ezin izan dugu atxilotutako pertsona guztiekin egon, batzuek kanpoan bizi direlako, beste batzuk zendu direlako... Berrogei pertsonarekin egon gara eta horietatik hogeitamazazpik salatu dituzte torturak". Txostena Jaurlaritzara bidali dute Pako Etxeberria forentsearen taldeak aztertu ditzan.