Euskal aratosteak, labetik ateratzeko gertu...

Erredakzioa 2015ko ots. 6a, 18:17

Aurten ere herriko hezkuntza eta kultura arloko hainbat eragilek eta udalak elkarlanean antolatuko dituzte Euskal aratosteak hirugarren urtez. Gaztetxoek aurreko edizioetako argazkiekin prestatutako bideoa eta egunaren inguruko informazioa helarazi digute (egitaraua barruan).

Hirugarren urtez gogotsu gatoz proiektuarekin! Iazkoan ere, balorazio positiboari jarraiki, ikasturte honetan zehar ere, hilabetez hilabete jardun dugu elkarrekin biltzen eta aurtengo Euskal Aratosteak antolatzen, asanblada partehartzailean.

Hezkuntza plazara ateratzeko asmoz, inauterietako ostiralean (OTSAILAREN 13an) ospatuko ditugun Euskal Aratosteak mozorro hutsetatik haratago kokatzen dihardugu lanean. Herritarra eskolara gerturatu eta hezkuntza kalera ateratzea da helburua. Horretarako euskal mitologia eta aratosteei lotutako hainbat eduki landuko ditugu, dantza taldekoekin dantzak ikasiko ditugu, Kukumixo eta Ludotekan ere mozorro nahiz gaiarekin lotutako jolasekin arituko gara, musikariak hasita gaude kantuak ikasten, bertsolariak bertsoei eragiten eta institutuan ere bideo nahiz kartela diseinatzen ari gara. Horrez gain gazte talde batek herritarrekin batera antzezpen txiki bat prestatzen dihardu ilusio betez. Asko gara, herri oso bat gara!

Aurtengoan, mozorroak findu, kalejira berrantolatu, ekitaldia landu eta ekitaldi osteko festa lantzen ari gara. Baita herriko argazkilari ezberdinekin eguneko majia behar bezala jasotzeko proposamena adosten. Horrez gain aurtengo mozorro eta dantzak honakoak izango dira:

  MOZORROA DANTZAK NORK?
  Zakuzaharra Txulalai Haur hezkuntza
  Joaldunak Polka Pik 1. Zikloa
  Txatxoak Baztango esku dantza 2. Zikloa
  Zirtzilak Luzaideko martxa 3. Zikloa
  Surrandiak eta herritarrak Lantz Hezitzaileak eta gaztetxoak

Astebete baino ez da falta egun handirako; ikasturte osoko lana kaleratu eta herria kolorez jazteko. Otsailaren 13a, egun handia izango da!

Eguraldi iragarpenei begira gaude, urtero legez. Aurtengoan, eguraldiaren arabera aurrera eramateko bi proposamen ezberdin egin ditugu. Eguraldia kalera ateratzeko modukoa bada, hauxe da jarraituko dugun egitaraua:

*14.30ean, Argazki maratoia, Plaentxi LHI-n.
*15.00etan, Kalejira koloretsua kalez kale: bertsoak, musika, antzerkia...
*16.00etan, "Euskal Aratostiak" dantza eta parranda ekitaldia Kiroldegiko frontoian.
*17.00etan, Txokolatada gurasoen eskutik Kiroldegiko frontoian.
*Ostean, "Astindu gorputza" dantzaldia Plaza Zaharrean.

Eguraldi txarra egingo balu, berriz; 14.30ean ikastetxean batuko ginateke eta eskolan zehar kalejira txiki bat burut 16.30ak arte. Ostean, 17.00etan hasiko ginateke ekitaldi nagusiarekin Kiroldegiko Frontoian. Ikastetxetik Kiroldegirako bidea bakoitzak bere guraso, senide edo arduradunarekin egin beharko luke.

Bi aukeretatik zein egingo den otsailaren 12an, osteguna, erabakiko dugu eta ohar bitartez jakinarazi.

Euskal aratostiak 2015

Azken txanpan sartu garen honetan, domeka honetarako (otsailaren 8a) proposamen ederra daukagu:
DOMEKAK ATERPIAN SAIO BEREZIA izango baitugu, Euskal Aratostien bueltan Soraluze herriko jolasak deskubritu eta apainketarako eskulan ederrak egingo ditugu. Txikienek eta baita gaztetxoenek ere gozatzeko modukoa izango da! Ziur zoragarri pasatuko dugula!

Hortaz, egun eder hontan parte hartzera eta gozatzera animatu nahi dugu herri osoa.

Eta bide batez, eskerrik asko bihotzez Euskal Aratosteen Asanbladaren izenean! Zuri esker ere, posible izan baita elkarrekin egiten dugun bide koloretsua!

Euskal Aratosteen Asanblada: Pil Pilean Euskaldunon Elkartea, Atxolin Guraso Elkartea, Plaentxia Herri Ikastetxea, Urrats Dantza taldea, Kukumixo Aisialdi taldea, Parrandan Ludoteka , Soraluzeko Argazkilariak, Soraluzeko Gaztetxokoa, Musika Eskola, Soraluzeko Institutua, Bertso Eskola eta Soraluzeko Udala.