Oztopo arkitektonikoak gainditzeko plana

Erredakzioa 2015ko urt. 28a, 10:26

IMG 6395

Joan zen eguenean aurkeztu zuen Ikersare enpresak udalak hala eskatuta herrirako prestatu duen irisgarritasun-plana. Herrian irisgarritasunaren aldetik dauden gabeziak identifikatu eta hauei irtenbidea emateko proposamenak jaso dituzte. Herritarrek egindako ekarpenekin osatuko dute behin betiko txostena.

"Soraluzek daukan orografia ikusita, herriaren ibilbide nagusian irigarritasuna bermatzeko lanak dezente aurreratuta dituzue, batez ere hainbat igogailu ezarrita daudelako"adierazi zuen Ikersareko ordezkariak. Hala ere asko izan dira diagnostikoa osatzeko azterketan identifikatu dituzten oztopo arkitektonikoak eta guztira 26 exekuzio fasetan banatu dituzte. Helburua: "herriguneko espazio guztietara ahalik eta errazen heldu ahal izatea da, ibilbide nagusitik" hasi eta bestelako ibilbideak ere egokituz".

IMG 6226

Lehentasunezko ekintzak

Datozen hilabeteetan udalak garatuko duen hirigintza plana egiterakoan kontuan izango dira txostenean jasotako diagnostiko eta proposamenak, baina udaletxeko ordezkarien esanetan irisgarritasun planean jasotako neurriak epe luzean zehar ezarri beharko dira, hirigintza lan berriak egin ahala, lehentasunen arabera. Hain zuzen, lehentasunezkotzat proposatu dituzten lanen artean daude; Gabolats kaleko aldapan zoru maila bakarra ezartzea, Estaziñoko gunea berrantolatzea, Santa Anatik saihesbidera igotzeko igogailua jartzea... nahiz eta behin betiko hirigintza plana onartzen denean jakingo den ekintzok egingo diren, eta egitekotan, noiz egingo diren. Udalak aurtengo aurrekontuan jaso duena Errabal kaleko geltokitik kiroldegira bitarteko bide zatian espaloia kendu eta zoru maila bakarra jartzea proposatzen duena da, irisgarritasuneko egitasmoetarako dirulaguntzen baldintzapean dagoena. 

IMG 6225

Sagar Erreka falta
Aurkezpenaren amaieran, txostenean Sagar Erreka ez azaltzearen zergaitiaz galdetu zion herritar batek Ikersareko teknikariari. Azterketaren lehentasunezko guneak "ibilbide nagusiari" dagozkionak izan zirela azaldu zuen teknikariak eta horregatik ez dela Sagar Erreka auzoa planean landu. Hala ere, prestutasuna azaldu zuten "aurrerago hala iritziz gero" planean jasotzeko. Udalak bere aldetik, Sagar Erreka planean jasoko dela adierazi du eta gogorarazi nahi izan du aurkezpenaren helburua herritarren ekarpenak jasotzea zela, eta jasotako ekarpen guztiak aztertu ostean osatuko dela behin betiko txostena. Txostena eskuragarri dago udaletxean edozeinendako.