Koloneko minbiziaren prebentzioa

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2017ko api. 28a, 14:44

Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak VI. Solasaldi Gastronomikoa antolatu du maiatzaren 3an Soraluzen, koloneko minbiziari aurre egiteko kanpainaren barruan.

Soraluzeko Udalak, Osasun Batzordearen bitartez, herrian dauden gaixo onkologikoei eta beren senideei laguntza eskaintzeko lanari ekin dio berriki. Hori horrela, Debabarrenako Minbiziaren Aurkako Elkartearekin harremanetan jarri da, elkarteak eskualde mailan egiten duen lana gertutik ezagutu eta elkarlanareko aukerak aztertzeko helburuarekin.

Elkarlan hori hasi da fruituak ematen dagoeneko eta, horren adibide da maiatzaren 3an, asteazkena, Itxaropena Jubilatuen Elkartean, arratsaldeko 6etan, herrian aurrera eramango den Solasaldi mediko-gastronomikoa. 

Bertan, osasunaren arloko profesional batek koloneko minbiziari buruzko informazioa eskainiko du eta, horretaz gain, Oscar Treviño sukaldariak era osasuntsuan jateko errezetak prestatuko ditu.

Solasaldian parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea, Debabarrenako Minbiziaren aurkako Elkartearekin harremanetan jarrita: 943 202 494 telefono-zenbakian edo bajodeba@aecc.es helbide elektronikoan.

Eguna: Maiatzak 3, asteazkena.

Ordua: Arratsaldeko 6:30ean.

Tokia: Itxaropena Jubilatuen Elkartea.

Aipatutako solasaldia minbiziaren aurkako elkarteak koloneko minbiziaren aurka burutzen duen kanpainaren barruan dago antolatuta. Kanpaina honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, osasuntsu jatea aspergarria ez dela erakustea eta, bestetik, gorotzetan ezkutuko odola detektatzeko proban parte hartzen ez duen biztanleriaren %29 horretara animatzea.

Egun, gutxi gora-behera biztanleriaren %14k pairatzen du gaixotasun hau, nola gizonezkoek hala emakumezkoek. Horregatik da ezinbestekoa herritarrak bizi-ohitura osasungarrietan heztea.

Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak egoitza berria ireki du Debabarrenako eskualdean, Eibarren hain zuzen ere. Bertan, gaixo onkologikoei eta senideei arreta psikologikoa eta soziala ematen zaie, elkarteak bertan dituen Ainhoa Oregui eta Miriam Márquez profesionalen bitartez.

 

DEBABARRENAKO MINBIZIAREN AURKAKO TALDEA

Gizarte Arloa:

- Gaixo onkologiko eta familiakoei zuzendiriko informazioa/orientazioa.

- Laguntza teknikoa: material tekniko ortopedikoaren mailegua

- Giza baliabideen kudeaketa

- Harrera pisua minbizia duten gaixo eta senideentzat

Arlo Psikologikoa:

- Banakako/taldeko harrera psikologikoa: Gaixo onkologikoak, senideak eta zaintzaileak; Dolu prozesuak.

- Prebentziorako psikologia saila: erretzeari uzteko bakarkako eta taldeko terapiak, prebentzio kanpainak urte osoan zehar, osasun hezkuntzarako programak, paziente onkologiko eta familien bizi kalitatea hobetzeko tailerrak eta profesionalen formakuntza

Boluntariotza:

- Gaixo eta familiekin: zainketa paliatiboetan, ospitalean eta etxean.

- Administraritza

- Baliabideen lorpena

- Prebentzioa: kanpaina dibulgatiboak.

Datu orokorrak:

- Helbidea: Ardantza kalea 11.

- Telefonoa: 943 20 24 94

- Emaila: bajodeba@aecc.es.

- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera 9:30etatik 13:30etara.