Bi asteburu batean eguraldiari dagokionez

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2017ko mar. 10a, 13:08
Barixakuko eta zapatuko lehen erdiko hego haizeak, giro epelak eta eguzkiak ipar mendebaldeko haizeari emango diote pasu zapatu arratsaldetik aurrera giroa nabarmen petralduz. Tenperaturak ere, nabarmen egingo du behera domekan batez ere, euria ere egingo duelarik.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Udaberri beteko eguna. Zeru oskarbia, hego haize leuna eta tenperatura 20ºC-tik gora ordu beroenetan.   

Zapatua: Bi zati oso bereizi izango ditu egunak. Lehen erdian hego haizea izango da jaun eta jabe eta, eguzkia lagun, termometroak 20ºC-tik gora erraz eramango ditu eguerdi parterako. Arratsaldea aurrera joan ahala haizeak ipar-mendebaldera egingo du ordea; itsasotik hodeiak sartu, tenperatura jaitsi eta iluntzerako euritara jotzea espero dugu.    

Domeka:  Ipar-mendebaldeko haizeak giro goibel, busti eta freskoa ekarriko dizkigu. Zerua oso hodeitsu egongo da egun osoan, euria noiznahi egin dezakeelarik. Hala ere, ez du etengabe egingo, zaparradetan baizik.  Termometroak juxtu-juxtu pasako dira 10ºC-tik.  

Azken egunotan gainean izan dugun antizikloiak Azoreetarako bidea hartuko du asteburuan. Zapatutik aurrera ipar haize fresko eta ezegonkorra bidaliko digu, giroa nabarmen gaiztotuz.

Datorren asterako eboluzioa

Datorren astearen hasieran ipar haizearen menpe jarraituko dugu, negu giroarekin. Euria egingo du eta tenperaturak 10ºC inguruan ibiliko dira eguneko ordurik beroenetan.

 Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.