Barixakuan izan ezik, asteburu atsegina

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2017ko ots. 23a, 19:19

Barixakua goibel eta freskoa izango bada ere, giro lasai eta eguzkitsuaz gozatuko dugu zapatu eta domekan.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Goizeko ordu txikitan fronte hotz bat heldu eta euria utziko digu, asko ez bada ere. Arratsalde partean atertzera eta argitzera egingo du. Ipar haize ahulak tenperaturaren beherakada nabarmena ekarriko digu, hotz handirik egingo ez badu ere, tenperatura altuena 10ºC ingurukoa izango baita.

Zapatua: Goi hodei batzuk salbu, zerua garbi egongo da eta eguzkiaz gozatzeko aukera izango dugu. Haizea noraezean ibiliko da, hego ukituarekin akaso, eta tenperaturak gora egingo du ordu zentraletan 16ºC-raino igoz; goiza, 2ºC ingururekin, hotza izango da hala ere.

Domeka:  Aurreko egunaren parekoa, zertxobait hodeitsuago egongo bada ere.

Mendebaldeko zirkulazioarekin jarraitzen dugu eta gurean antizikloiaren eragina da nagusi. Noizean behin, barixakuan moduan, iparra sartu eta fronteren bat edo beste pasatzen uzten badu ere, orokorrean hego eta mendebaldeko haize epelak lasaitzen du giroa.  Ohikoa baino dezente hotzagoa izan zen urtarrila eta gero, otsaila alderantzizkoa suertatu da guztiz, udaberriko giroa izan baitugu protagonista.  Eta ez da, momentuz, honi buelta emango dion egoerarik ikusten epe laburrean.

Datorren asterako eboluzioa

Datorren astean patroi berarekin jarraituko dugu,eta astelehenean, fronte bat gerturatzean, hego-mendebaldeko haizeak indar pixka bat hartuko du. Frontea heldu eta pasatzean, martitzenean batez ere, haizeak ipar-mendebaldera egin eta euri apur bat egingo du, tenperatura jaitsiz.  Aurrerago haizeak berriro hego ukitua hartuko duela dirudi, berriz ere atertuz. Fronteen joan-etorriak determinatuko du datorren asteko eguraldia, beraz.  

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.