Giro nahiko nahasiarekin bada ere, epeltzera egingo du asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2017ko urt. 26a, 19:52

Hego eta mendebaldeko ukituko haizeak eguraldi heze eta epelagoa ekarriko digu, pare bat fronte ahulek euri apur bat ere utziko digutelarik barixaku eta zapatuan batez ere. Haizearen hego ukitua dela medio, ater uneak izango dira luzeenak hala ere.

Astebururako iragarpena

Barixakua:  Hego haizea jaun eta jabe izango dugu egunaren lehenengo erdian,  tarteka ufada gogorrekin.  Zerua estalirik egongo da baina ez da tantaren bat edo beste besterik botatzea espero. Arratsalde partean fronte hotz bat hurbilduko  da eta iluntzerako euritara jotzea espero dugu, haizea mendebaldera aldatu eta ahultzearekin batera. Tenperatura 6-10ºC artean.

Zapatua: Mendebaldeko haizeak hodeiak eta giro nahasia ekarriko dizkigu, euri askorik botatzea ez badugu espero ere. Goiza freskoxeago hasiko badugu ere, eguneko tenperatura ez da asko aldatuko.

Domeka:  Haizeak berriro hegora egin eta, ondorioz, zerua oso hodeitsu  edo estalirik egon badaiteke ere, ez dugu euri konturik espero apenas. Gainera, eguerdiko tenperatura pare bat gradu igoko da.

Azken asteotako patroiari bat batean amaiera ematea erabaki du atmosferak gaurtik bertatik hasita. Europa mendebaldea mendean hartu duen antizikloi sendoak agur esan eta depresio atlantikoek hartuko dute bere tokia. Hori dela eta, gurera aire masa kontinental lehor eta hotzen ordez atlantikoko aire masa epel eta hezeak etorriko dira bisitan datozen egunotan. Momentuz, mendebaldetik datozen aire masak gurera hego ukituko haizearekin helduko direnez, euria bai, baina ez dugu larregi ere espero. Penintsulako hainbat txokotan, ostera, euri ugari pilatzea espero da.

Datorren asterako eboluzioa

Orain arte eragin digun antizikloia mugitzeko zaila zen modu berean, eragingo digun mendebaldeko zirkulazio atmosferikoa  -fronteak joan,  fronteak etorri- nahiko iraunkorra izan ohi da. Hortaz, datorren astera begira ere antzera jarraitzea espero dugu. Honek, gurean hain ohikoa den eguraldi aldakor, ez hotz eta ez beroa eragingo du. Hala ere, honelako egoeratan depresioak denbora gutxian sortu eta sakondu daitezke Kantauri itsasoan. Ziklogenesi lehergarri deituriko prozesu posible hauen ondorioz, eguraldia egunez egun arretaz jarraitzeko modukoa izango da datozen egunotan.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.