Hodeiak eta ostarteak asteburuan, eta tenperatura pixka bat gora

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2017ko urt. 19a, 19:03

Zeruan hodeiak eta ostarteak izango ditugu asteburu honetan, domekan tantaren bat bota lezakeelarik. Tenperatura goizetan oso hotza izango bada ere, eguerdi partean eguzkiak zertxobait epelduko du giroa oro har.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Goiza zeroazpitik hasiko dugu, behe lainoa sor daitekeelarik. Eguerdi parterako eguzkiak giroa goxatuko du hala ere, tenperatura maximoa 8ºC ingurura igoaraziz. Haize noraezean eta ahul ibiliko da.

Zapatua: Aurreko egunaren antzekoa izango da, tenperatura graduren bat igo baliteke ere. Erdi eta goi mailako hodeiek apainduko dute zerua.

Domeka: Hodei gehiago izango ditugu zeruan haizeak ipar ukitua izango baitu. Tantaren bat edo beste bota lezake, arratsalde eta iluntze partean batez ere. Hodeiek ez dute goiz zein gauean tenperatura hainbeste jeisten utziko, baina eguerdi partekoan aldaketa nabarmenik ez da espero.

Britainiar irletako antizikloi sendoak azken astea nabarmen hoztu du gurean jatorri kontinentaleko aire masa hotz eta lehorra bidaliz. Haizeak apenas ipar ukiturik ez zuenez, ez du ia hezetasunik hartu Kantauri itsasoan eta, ondorioz, hotz galanta bai (atzo nekez heldu ginen 0ºC-ra herrian) baina elur konturik ez gurean. Ekialdeko haize hotz honek Mediterraneo itsasoak bustiriko kostaldean utzi ditu elur kontu nabarmenenak. Torreviejako (Alacant) hondartzan 1926tik ez zuela elurrak itsasertza zuritzen, adibidez. Aire hotza poliki-poliki badoan arren, datozen egunotan giro hotzarekin jarraituko dugu.

Datorren asterako eboluzioa

Gainazaleko eta, batez ere, alturako aire masa hotza Iberiar Penintsularen gainean desegiten doan heinean, nahiko haize eta eguraldi aldakorra izango dugu gurean. Badirudi astelehenean ipar ukituko haize ahula izango dugula eta, ondorioz, prezipitazio apur bat. Elurra inguruko mendietara mugatuko litzateke ordea, zerbait botatzekotan. Aurrerago begiratzea, momentuz, praktikoki ezinezkoa da eragin dugun aire masa honek noranzko bidea hartuko duen ez baitago batere argi momentuz.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.