Eguzkitsu baina fresko asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko abe. 15a, 23:48

Ekialdeko ukituko haizeak tenperatura jaitsi araziko du, goizetan batez ere. Zeruan hodeiren bat edo beste eta goizetan lainoa sor badaiteke ere, eguzkiaz gozatzeko aukera izango dugu beste asteburu batez.

Astebururako iragarpena

Barixakua:   Asteburuko egunik hodeitsuena izango da, arratsalderako garbitzera egingo duelarik. Goiza nahiko epela izango da oraindik hego ukituko haizea dela eta, baina egunaren bigarren zatian haizea baretu, ekialdera egin eta eguzkia ezkutatzean nabarmen freskatuko du, eguneko tenperatura minimoa orduan emanez. Tenperatura 5-12ºC artean.

Zapatua: Eguna hodei batzuekin eta lainoarekin hasi badaiteke ere, orduek aurrera egin ahala eguzkia nagusituko da zeruan. Haizeak ahul joko du ekialdetik, ipar ukitua hartu eta ondorioz kostatik behe hodeiren bat sartzea ezin daitekeelarik baztertu. Tenperatura 3-13ºC artean.

Domeka: Goizean goizeko lainoa izan ezik, ez da zeruan apenas hodeirik espero. Hala ere, aurreko egunean moduan, ezin da guztiz baztertu kostaldetik behe hodeiren bat sartzea. Tenperaturak pixka bat egingo du behera eta 1-11ºC artean mugituko da.

Abenduaren lehen erdi honetan Europako zati handi batean eragiten diharduen antizikloia Britainiar Uharteetan sendotu da oraingoan. Depresio bati Afrika iparraldera gerturatzen laga dio eta bien artean ekialdeko haize fluxua eragiten dute Iberiar Penintsulan. Ekialdeko haizeak, ipar ukitua duenean frantziparra moduan ezagutzen duguna, nahiko giro lasaia baina freskoa ekarri ohi du gurera neguan. Hala izango da oraingoan ere.

Datorren asterako eboluzioa

Datorren asteko lehen erdiari begira badirudi Afrika iparraldeko depresioak Balear Uharteetarako bidea hartu, sendotu eta gurera ipar-ekialdeko haizea bidaliko digula. Honek tenperatura are gehiago jeistea eragingo luke, 10ºC-ko muga ezin  gainditu ibiliko ginatekeelarik hala izanez gero. Gainera, euri apur bat ere espero liteke.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.