Eguraldi egonkor eta atsegina zubian

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko urr. 6a, 18:56

Eguraldi egonkor eta nahiko eguzkitsua izango dugu asteburu luze honetan. Hala ere, tenperaturak pixkanaka beherako bidea hartuko du eta ordu zentraletan salbu, nahiko fresko egingo du. Ez da euri konturik espero asteburu guztian zehar.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Erdi eta goi mailako hodeiak izango ditugu, baina eguzkiak ere izango du ateratzeko aukera. Haizea ahul eta noraezean eta tenperatura nahiko atsegina, goiza eta ilunabarra freskoak izango badira ere. Termometroak 9-20ºC artean mugituko dira.

Zapatua: Goizean laino apur bat akaso eta gainontzean hodeiak eta ostarteak izango ditugu zeruan. Ipar ukituko haize ahula izango dugu eta, ondorioz, tenperaturak pixka bat egingo du behera. Ordu zentraletan 18ºC inguru, 7ºC inguruan emango diogularik hasiera egunari.

Domeka: Aurreko egunaren antzera. Tenperatura beste graduren bat jaitsi liteke, nekez 17ºC-tara iritsiz ordurik beroenetan.  

Eskandinaviar penintsulan zentraturik dagoen antizikloi sendoak baldintzaturik jarraitzen du Europa mendebalde eta zentraleko eguraldiak. “Blokeo antizikloi” motakoa da presio altuko gune hau, borrasken mendebaldetik ekialderako ohiko bidea oztopatzen baitu. Hortaz, eguraldi lehor eta egonkorra gurean, ipar-ekialdetik datorkigun aire masaren jatorri kontinentala dela eta. Honelako egoerek neguan hotz galanta ekarri ohi dute, baina, oraindik urrian egonik, fresko egingo du soilik; lurra ez baita nahikoa hoztu.

Datorren asterako eboluzioa

Eredu numerikoek ez daukate batere argi antizikloi eskandinaviarraren eboluzioa, baina badirudi bertan geratzeko asmoa daukala. Astelehena aurreko egunen modukoa izango bada ere, martitzen-eguaztenerako badirudi antizikloiaren hegoaldeko partea ahuldu eta Kantauri itsasotik depresio bat pasatzen utzi dezakeela. Hortaz, honi lotutako fronteen ondorioz euria eta haizea espero genuke gurean.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.