Udazkeneko beste asteburu aldakor bat

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko ira. 30a, 10:06
Aurreko asteburuan moduan, fronte ahul bati lotutako haize aldaketak eguraldi aldakorra ekarriko digu asteburuan. Barixaku arratsaldean fronte bat heldu eta euritara joko du, zapatuan euri pixka batekin jarraituko dugu eta domekan ateri eta eguzkitsu eutsiko dio ziurrenik. Tenperaturari dagokionez, garairako balio normaletan ibiliko da.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Goizeko laino apurra salbu, egunari oskarbi eta eguzkitsu eman diogu hasiera. Hala ere, arratsaldean helduko den fronteari lotuta erdi eta goi-mailako hodeiak helduko dira goizak aurrera egin ahala. Frontea heltzean haizeak ipar-mendebaldera egin eta euria egingo du. Tenperatura 14-25ºC artean, balio altuenak juxtu frontea heldu aurretik emango direlarik; hau heltzean, nabarmen egingo du behera, 20ºC-tik behera kokatuz.

Zapatua: Egun nahiko gris eta goibela izango da, ipar ukituko haizea dela eta. Egun guztian zehar dago euria botatzeko aukera, orokorrean ahula izan eta etengabe ez badu botako ere. Tenperaturak ez du 17ºC-ko muga gaindituko.

Domeka: Ia haizerik gabeko eguna izango da, aurreko egunetako aire freskoak gurean jarraituko badu ere. Ondorioz, eguna lainoarekin eta fresko hasiko dugu, baina eguzkiak lainoa desegin eta egun eguzkitsu eta atseginari emango dio pasu. Eguna 10ºC inguruan hasiko bada ere, arratsaldean 20ºC ingurura helduko dira termometroak.

Azken asteotako patroi berdinarekin jarraitzen dugu, gure latitudeetan garaian hain ohikoa den mendebaldeko zirkulazioarekin. Fronteak joan, fronteak etorri, tenperaturaren gorabeherak. Hala ere, aldaketak datoz datorren asteari begira.  

Datorren asterako eboluzioa

Domekatik aurrera Eskandinaviar Penintsulan zentratu eta ia Europa mendebalde osoa mendean hartuko duen antizikloi sendoa sortuko da. Dirudienez, honen eraginpean emango dugu datorren astearen lehenengo erdia behintzat. Hortaz, nahiko giro egonkor eta epela espero dugu, euri konturik gabe.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.