Herriko euskaltzaleok elkarrengana batzen (Topaketa eguna)

Erabiltzailearen aurpegia Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea 2016ko ira. 29a, 10:42

Hogei urte egiten ditu aurten Pil-pileanek eta zapatua euskara elkartearen bueltan dihardugun hainbat lagun batu ginen elkarrekin egunpasa egiteko. Lehenengo aldia izan da halako egun bat antolatu duguna eta ederra izan da hainbat belaunalditako pertsonak Marrazen ondoan ikustea, Soraluze euskaldunago egiteko ahalegina sinbolizatzen duen marrazkiloaren ondoan. 

Hogei urtean elkarteak egitasmo asko jarri ditu martxan. Horietako batzuk sendotu egin dira eta ibilbide luzea egin dute dagoeneko: aldizkaria eta webgunea, Berbalagun egitasmoa, Kukumixo haur eta gazteen aisialdi taldea, Galtxagorrien jai batzordea…  Orohar, energia gehiena arloz arlo egitasmo berriak abiatzeko taldeak sortzera bideratu dugu, eta nahikoa indar gutxi elkartearen barne-kohesioa eta mezu bateratua lantzera.  

Ibiliaren ibiliz, beharra somatu dugu egitasmo horietan dihardugun pertsonak elkarrengana batzeko: elkar ezagutu, elkarri entzun, elkar ikusi, eta batez ere, elkar hartu dezagun gure herria euskaldunago egiteko jardun eder horretan.

Zapatuko topaketa helburu horrexekin antolatu genuen, eta, esan bezala, pozgarria izan zen ikustea elkartearen baitako egitasmo batean edo bestean dabilen jendea elkarrekin: zuzendaritzakoak, aldizkarikoak, Kukumixoko begiraleak, bazkide zenbait… Falta izan ziren, elkartearekin lotura estua izanagatik ere, egun horretan etorri ezin izan zuten soraluzetar asko, eta desio genuke etorkizunean horiek guztiak elkartu ahal izatea, hizkuntza berreskuratzeko prozesuan beharrezkoa baita denon ilusioa eta indarra aurrera egiteko.

Abenduaren 3an izango dugu herriko euskaltzaleok elkarrengana batzeko hurrengo aukera, elkartetik hala proposatuko dugu behintzat. Egun horretan, herriko euskaltzale guztiekin ospatu nahi genuke hogei urteotan egin dugun bidea (aurretik beste batzuk egin zutena ere gogoratuz) eta etorkizunean egiteko dugunaren ilusioa konpartitu. Denon artean hizkuntzaren berreskurapen prozesuaren ziklo berriari indar eta ilusio berriz helduko diogu, etorkizunean Soraluze euskaldunagoa izan dadin.

Saltsa hori prestatzen hasi ginen zapatu goizean eta prestatzen jarraituko dugu datozen asteotan. Lehengai bikainekin batera, sukaldari asko eta onak ditugu saltsa hori prestatzeko eta beraz, gauza segurua da asmatuko dugula antolatzen abenduaren 3an Soraluzeko euskaltzale guztion ilusioa bistaratuko duen eguna.

Denona denez eta denona behar duenez, soraluzetar denok zaudete gonbidatuta saltsa horretan parte hartzera.